Jasota Bezala

Kronika - Erredakzioa 2007ko ots. 10a, 01:00

Gaurko garai bateko jangelan aurreikusita dago kontzertua. Udalak ez du baimenik eman lokal hori okupatzeko. Horrexegatik gazteei eta Hernaniko gurasoei jakinarazi nahi diegu horrek dakarren arriskua. Kiroldegiko teilatua aldatzeko obrak direla eta, lokalaren beheko solairua urez gainezka dago eta goiko solairuan itoginak daude. Horrexegatik sabaiko igeltsua lurrera ari da erortzen eta berau altxatua eta handitua dago. Lokalak ez du argindarrik, hormetan dagoen hezetasunarekin kortozirkuitoa izateko arriskua dagoelako. Gazte asanbladako gazteek lokala okupatu zuten sarraila hondatuta, eta obretarako argindarraren koadrotik hartu zuten argia. Koadro horrek 380ko industria tentsioa du. Ezbeharra gerta daiteke tentsio hori desegoki erabiltzen badu esperientziarik ez duen pertsona batek, are gehiago dagoen hezetasun handiarekin. Gutxieneko segurtasun baldintzak betetzen ez dituen lokalean jende kopuru handia biltzea arduragabekeria handia da; lurreko egurra zapaltzean egur taulak atera daitezke, eskaileren eta lurraren egoeragatik jendea irristatu eta eror daiteke. Aipatutako lokaletik pilotalekurako sarbidea dago. Une honetan lanak egiten ari dira bertan, eta goitik behera erortzeko arrisku handia dago. Udalean ez dugu ezagutzen gai honen inguruan hitz egiteko inor, ez baitago gazte asanbladaren ordezkaririk. Horregatik ez dakigu zer neurri hartu dituzten antolatzaileek. Honenbestez, kontzertura joateko asmoa duten gazteen aita-amei eskatzen diegu bertan dagoen arriskuaz ohartarazteko. Proposatutako kontzertua Atsegindegin egin daiteke inolako arazorik gabe. Tramiteak egiteko berandu samar bada ere, agintzen dizuegu kontzertua leku horretan baldintza onetan egiteko bitarteko guztiak jarriko ditugula. Bertan inork ez luke arriskurik izango. Horregatik, antolatzaileei eskatzen diegu kontzertura joango direnek izan ditzaketen arriskuez jabetzeko. Gogorarazten diegu ez dutela baimenik. Beraz, publikoki eskatzen duten elkar-ulertzea zaila izango da. Hernaniko alkatea, Joxan Rekondo; eta Hezkuntza delegatua, Txema Mercado.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!