Hasi dadila musika!

Kronika - Erredakzioa 2007ko ots. 10a, 01:00

Hernaniko musika lokaletan (lehen Udal lanbide eskola zenean) herriko 21 musika taldek entsaiatzen dute. Lokalak 2002. urtetik ari dira erabiltzen eta 70 bat gaztek aukera dute bere musika garatzeko, Udalak utzita. Taldeak Musikatea elkartean batuta daude eta argi indarra ordaintzeaz gain, lokalak egoera onean mantentzeko konpromisoa dute hartuta.

Florida auzoan, Udal Lanbide Eskola zeneko eraikinean, entsaiatzen dute azkenaldian Hernanin sortu diren musika talde berri askok. Makina bat talde pasa dira handik azkeneko urteetan eta gaur egun 21 dira bere tresnak astintzen dituztenak, horretarako dauden 6 lokaletan. Musikatea izeneko elkarte legal batek biltzen ditu musika taldeak. Elkarte honen izenean egiten dira bilerak udaletxeko ordezkariekin. Guztira 70 bat lagun ibiltzen dira astean zehar lokal horietan.

2002 urtetik hona

Lokal hauek 2002 urtetik hona erabiltzen dituzte gazteek. Lehen Udal Lanbide Eskola zegoen han, Hernani eta inguruko gazteek ofizioak ikasteko eskola. Aurreneko musikariak lokaletan sartu zirenean, ikusi zitezkeen garai hartako aztarnak, hala nola, tornorako tresnak, aldageletako takilak, ikasleren baten karpeta, eta eskolaren berri ematen zuen kartel haundia. 2001 urtean gune haundi eta zabal bat zen orain musikarien egoitza dena, eta pixkanaka jasan zuen eraldaketa, gune haundi hori gaur egun dauden 6 lokal bihurtu arte. Paretak altxa ziren, ateak jarri, eta pixkanaka musika taldeak sartzen hasi ziren. Hasieran Afonia taldea eta entsaiatzeko lekurik ez zeukaten musikariak biltzen ziren han, eta gaur egungo egoera oso bestelako da, lokal guztiak beteta daudelako eta sartu nahi duten taldeentzat lekurik ez dagoelako.

Estatutoak eta ordutegia

Taldeen kopurua haunditu ahala, antolakuntza zailagoa izan da. Garbiketa, taldeen banaketa, ordutegia, sartu nahi zuten taldeen egoera eta abar erabaki behar izan zituzten Musikatearen eta udaletxearen artean. Horretarako, urtarrilaren 24ean estatuto batzuk finkatu zituzten. Estatutoek 6 puntu dituzte eta taldeen arteko funtzionamendua eta inguruarekiko errespetua dute oinarri. Estatutoen arabera, talde guztiek konpromisoa hartzen dute lokalak egoera onean mantentzeko, beste taldeen ekipoa ez erabiltzeko, lokaletan sortzen den zaborra kontainerretara botatzeko, denbora batean lokala uzten duen taldeak giltzak Udaletxean entregatzeko edota ezarritako ordutegia errespetatzeko. Musika taldeek ordutegi bat errespetatu beharra daukate eta arratsaldez bakarrik erabili ditzakete lokalak.

Grabaketa estudioa

2006ko bukaeran taldeek eskaera berri bat egin diote udaletxeari: hutsik dagoen 7garren lokala grabaketa estudio bezala erabiltzea. Egindako bozketan, talde guztiak alde agertu ziren eta Beatriz Fernandino Kultura zinegotziak onartu egin du proposamena: Bere hitzetan, ´berrikuntza batzuk egin beharko ditu Udalak eta gainontzeko ekipamendua taldeek jarri beharko dute`. Gelaren funtzionamendua taldeek gestionatuko dute.

1999an ereindako haziak makina bat fruitu

Hernaniko musikari talde bat 1999an hasi zen mugitzen entsaio lokalak lortzeko, beren tresnak jotzeko leku egokirik ez zutela eta. Horrela hasi zen musika lokalen historia.

1999 urtean rock munduaren inguruan taldeak sortu nahi zituzten gazteek ez zeukaten non entsaiatu eta lokal eskean hasi zitzaizkion udaletxeari. Orduan bildutako gazte kopurua oso txikia zen, hiruzpalau izan ziren aldarrikapenarekin hasi zirenak.

Tiloseta, Musikatea...

Urte hartan bertan, udaletxearekin harremanetan hasi ziren. Hasieran Milagrosan sartzea pentsatu zuten, baina rock estiloa han ez omen zen oso egokia eta, azkenean ideia baztertu zuten. Hurrengo alternatiba Tilosetako kiosko azpiko lokala izan zen eta lokal hau erabili izan zuten gazteek urtebetez, 2001 urtean, gutxi gora behera. ´Ordurako Musikatea sortu genuen` dio Aratz Zubeldiak, ´Udalak errejistratutako elkarte bat izatea eskatzen zuelako lokala emateko. Lokala bilerak egiteko erabiltzen genuen eta, baita ere, entsaiatzeko`. 2002 eta 2003an lokala mantendu zuten, baina jada ez zuten bertan entsaiatzen, lokal berriak utzi zizkietelako.

Inguruan izango diren berrikuntzek ez diete lokalei eragingo

Lokalak bere lekuan jarraituko dute oraingoz, Udalaren esanetan. Taldeak ‘serio’ ari direla dio kultura zinegotziak

Kronika Beatriz Fernandino Kultura zinegotziarekin harremanetan jarri da eta musika lokalei buruz galdetu dio. Lehenengo, lokalen etorkizunari buruz galdetu diogu, musika taldeak kezkatuta agertu baitira. ´Oraingoz ez dago proiekturik musika lokalen eraikinean` adierazi du zinegotziak.

´Taldeak serio ari dira`

Fernandinok onartu du hasieran kexa batzuk jaso zituztela, gehienbat ´zaratagatik`, eta ´entsaiatzeko ordutegia ez betetzeagatik`. Hala ere, onartu du, hasierako ´nahaspila`ren ondoren, taldeak ´se-rioago` dabiltzala orain: ´bilerak egin ditugu eta gauzak argi utzi dira, estatuto batzu onartuta` dio Kultura zinegotziak.

´Ez dago areto bat rock taldeentzat`

Kronikak musika lokaletan jasotako kexa bati buruz ere galdetu dio: Hernanin dagoen ´lokal faltaz`. Zera dio Fernandinok gai horren inguruan: ´ez dago areto bat rock taldeak hartzeko ezaugarriak dituena eta 2007rako horren inguruko estudio bat eskatuko dugu`. Orain arte kalean egin diren kontzertuetan kexa asko jaso direla dio zinegotziak, baina aurten ez dutela aretorik eraikiko gaineratu du.

Nazka: «Gaztetxearekin espero dugu kontzertu gehiago egitea Hernanin»

Nazka punk taldea 2005ean hasi zen Pipiritako etxe okupan. Gaur egun musika lokaletan daude eta galdera batzuk egin dizkiegu.

Zer moduz lokal hauetan? Ondo, guk badaukagu leku bat entsaiatzeko, eta, horrez gain, talde asko sortzen ari dira. Harrobia badago.

Zer asmo dituzue taldearekin? Aurten maketa bat atera nahi dugu eta ahal dugun kontzertu gehiena eman. Espero dugu gaztetxearekin jotzeko aukera zabaltzea. Bestela tabernak bakarrik dauzkagu, eta gu imajina Kixkalera joan eta igual taberna hustuko genioke!

Zer esango zeniokete musikari gazteenei? Animatzeko taldeak egitera eta lokalak okupatzeko entsaiatu ahal izateko. 15-16 urteko gazte asko daude hona sartu nahian.

Lokaletako taldeen zerrenda

-Valium Generation (punk-rock, 2002)

-G.G. Howards (punk-rock, 2003)

-Mercenarios (punk-rock, 2006)

-The Zepo (rock&roll-a, 2003) -TZ’s band (fusion, 2006)

-Black Jiko (reggae, 2000)

-Iam raros (rock gogorra, 2006)

-Nazka (punk, 2005) -Destruk (punk, 2005)

-Lakra (punk, 2005)

-Suburbio (punk, 2003)

-Faktor Kanibal (punk-rock, 2006)

-Afonia (punk, 2002)

-Orreaga 778 (oi!, 2004)

-Examiners (punk-rock & roll, 2004)

-Izenik gabe (pop-rock, 2005)

-X-zeck (rock latza, 2005)

-Impio (black death, 2003)

-Florida 56 (rock, 2003)

-Traxte (heavy-rock, 2005)

-Nocturne of tirany (doom, 2006)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!