Hernaniko ezker Abertzaleak aurkezpena egin zuen ostegunean, udal hauteskundeei begira, Orain Ezker Abertzalea. Orain Hernani lemarekin. Ekitaldia bideo batekin hasi zuten, Hernani eta Euskal Herriko azken hamarkadetako historia jasotzen duena.
Hauteskundeetan parte hartzeko borondatea
Ezker Abertzaleko kide batek hartu zuen hitza segidan, eta adierazi zuen Ezker Abertzaleak udal hauteskundeetan parte hartzeko borondatea azaltzeko egin zela aurkezpena: ´prozesu demokratikoak aurrera egitea nahi bada ezin gaituzte hauteskundeetatik kanpo utzi` esan zuen. Horretarako alderdien legea deuseztatzearen beharra azpimarratu zuen. Ezker Abertzalea azken momenturaino zalantza batean edukitzen saiatuko direla aipatu zuen, baina horren aurrean, Ezker Abertzalea ez dela larrituko esan zuen. ´Gu lanean ari gara eta proiektu bat dugu. Prozesu demokratikoa bide onetik joateko beharrezkoa da alde guztiek konpromisoak hartu eta betetzea. Gu prest gaude konpromisoak hartu eta betetzeko. Baina ez da nahikoa alde bat soilik konprometitzea`azaldu zuen.
Beste alderdien jokabidea udalean
Beste alderdien jokabideari buruz, aipatu zuen partidu guztiak baliatu direla egoeraz: ´EA-PNV eta EBk gobernu taldea osatu dute eta herriaren gehiengoari bizkarra emanda agindu dute. PSOE eta PP dira partiduen legearen arduradunak eta gainera ez dute oposiziorik egin, alferkeriaz jokatu dute`. Azken lau urteetan udaletxean izan diren partiduen jokaerari buruz Ezker Abertzaleko kideak honakoa esan zuen: ´lehenengo gauza soldatak igo egin zituzten...; udaletxeko ateak itxi eta kamaraz josi dute ingurua; mozioak ez dira tratatzen...; AASS hor ditugu... gure herriaren etorkizuna hipotekatzen ari dira; proiektu izarrak bilatzen dituzte argazkirako balio dutenak (ur parkea), baina bien bitartean zerbitzuak eskas; ingurumenean eta gure bizi kalitatean izugarrizko kalteak ekarriko dituzten proiektuak bultzatzen dituzte (AHT, errauskailua...); eta Udalaren ondarea saltzen ari dira (Akarregiko terrenoak, Gas Hernani)`.
Hernaniko diagnostikoa programaren abiapuntua
Hernaniko diagnostiko bat osatzen hilabeteak daramazkitela aipatu zuten eta bildutako informazioa aldizkari batean jaso dutela. Aldizkaria ekitaldian banatu zen eta etxez etxe ere banatuko dute. Diagnosia herri programa osatzeko abiapuntua izango dela azaldu zuen: ´lan taldeak osatu eta proposamenak zehazten ari gara, Hernani ezkertiar, abertzale eta progresista bat eraikitzeko`. Herri programa eztabaidatzeko deialdiak egingo direla ere aurreratu zuen eta dei egin zuen erne egoteko eta parte hartzeko. Zinegotzi zerrenda ere batzarrera aurkeztuko dela esan zuen. Bukatzeko esan zuen Euskal Herria herriz herri osatu behar dela, eta indarrak biltzeko garaia dela.