ALBERTO Rey, Beto, atzo iritsi zen Hernanira eta iritsi bezain pronto herritarren harrera beroa jaso zuen, Garin taberna aurrean. Beto bilbotarra izan arren, Hernanin bizi izan da eta ezaguna da herrian. Harreran, bertsoak abestu zizkioten eta agurra ere dantzatu zioten. Lore sorta eman ondoren, Eusko Gudariak abestu zuten. Bukatzeko, ohitura den bezala, Garin tabernako bere argazkia kendu zuen. Alberto Rey, 2002ko urtarrilaren 23an atxilotu zuten. Aurretik 3 urte ere egin zituen kartzelan, ´prebentzioan`. Uzercheko espetxean zegoen, Frantzian.
´Murrizketak`
Betori harrera egiteko ekitaldian esan zuten azkenaldian ez direla berri on asko izan, ´presoen eskubideetan gero eta murrizketa gehiago izaten ari baitira`. Gogorarazi zuten, era berean, presoen kolektiboak otsailean zehar ekimen berri bati ekin diola ´autodeterminazio eskubidea eta amnistiaren alde`.
Iñaki de Juana presoaren egoera ere ekarri zuten gogora eta bizitzen ari dena ´tortura egoera` dela adierazi zuten.
Hala ere, ez zuten ahaztu atzokoa pozteko eguna izan zela, ´Betorekin disfrutatzeko` eguna. ´Preso bat gutxiago izatea` poztekoa den arren, ´falta direnak gure artean izan arte lanean jarraitzeko deia` ere egin zuten.