Ascodel (asociacion para la Corre-ccion del Desempleo de larga duracion) elkartearen jarduna bere onera etortzen ari da, azken bi urtetan bizi izan duten afera eta gero. 2005eko otsailetik, 45 urtez gorakoak eta denbora luzeko langabetuak enplegatzen dituen elkarteak ezin izan du lana behar bezala egin, izan duten salaketa baten erruz. Horrez gain, orain Ongintza Patronatuak utzitako lokala galtzeko arriskuan daude. 2005eko otsailean kide ohi batek salaketa jarri zion ASCODELi INEMen, eta horren ondorioz, administrazioak laguntzak eten zizkion elkarteari, auzia argitu arte. Elkartearen hitzetan, kide ohiak txantaia egin nahi zien diru kontu batzuk publiko ez egitearen truke; ´guk ez genuen txantaia onartu, eta orduan hark INEMera jo zuen` adierazi dute. ASCODELek ez du etekinik ateratzen ez langileen ez enpresen partetik, eta laguntza publikoetatik sustengatzen da. Hortaz, elkarteak dituen langileek ezin izan dute kobratu 2005eko urritik eta elkarteak ez du Gizarte Asegurantza kotizatu 2005eko ekainetik: ´Guk lanean jarraitzea erabaki genuen` dio Periko Lamarka langileak, ´baina, diru laguntzarik ez genuenez ezin genuen kotizatu, eta kotizatzen ez genuenez, ezin laguntzarik jaso. Amaierarik gabeko soka da`.
Ongintza Patronatuarekin bilera herenegun
Kontu hauek direla-eta, Ongintza Patronatuak egoitza hustutzeko agindu zion ASCODELi, argudiatuta Gizarte Asegurantza ordaindu gabe duen talde bati ezin diola lokalik utzi. Neurri hori, aurtengo urtarrilaren 17an egindako Zuzendaritza Batzordean onartu zuten. Gauzak horrela ikusita, elkarteak bilera egin zuen joan den asteartean Andoni Amonarraiz Ongintza Patronatuko buruarekin eta Joxan Rekondo Alkatearekin, irtenbide bat bilatzeko. Bilera horretan hitz egindakoa, hala azaldu du Maria Olaizola ASCODELeko bozeramaleak: ´Patronatuaren hustutzeko aginduaren aurrean, guk errekurtso bat aurkeztuko dugu, eta errekurtso horretan Gizarte Asegurantzarekiko hitzarmenaren berri emango diogu Patronatuari. Hori aurkeztu gabe ez dugu izango lokala berreskuratzeko aukerarik`. Hori egiteko pausuak azaltzen ditu ondoren bozeramaleak: ´Gizarte Asegurantzarekin hitzarmena egiteko, berriz, diru mailegu pertsonala eskatu beharko dugu beraiekin daukagun zorra kitatzeko, ordainketa egutegi baten bitartez`. Hori eginda gauzak bere onera etorriko direnaren konfiantza du Olaizolak eta azpimarratu du Patronatuak ´jarrera ona` erakutsi zuela herenegun egindako bileran. Ongintza Patronatuak lokala utzi izan dio elkarteari hau martxan jarri zenetik eta diotenez harremanak onak izan dira beti: ´gu lanean hasi ginenetik, Morcillo, Beroitz eta Amonarraiz izan dira Patronatuan eta ez dugu inongo arazorik izan inorrekin` jakinarazi dute.
INEMek ASCODELi arrazoi
Lan bilaketarako elkarteak dioenez, INEMeko batzorde zentralak (Madrildik) arrazoia eman die eta baieztatu du elkartearen kontuak garbi daudela: ´INEMek onartu du elkarteko kontuetan ez dagoela arau hausterik eta inork ez duela elkarteko dirua bere intereserako erabili` adierazi du Maria Olaizola bozeramaleak.
Hernanin sortutako elkartea
ASCODEL Eibarren abiatu zen, 1996an, eta hiru urte geroago eratu zen elkarte bezala, Hernanin. Zikuñagako eskolak izandako eraikinetan izan zuten aurreneko bulegoa eta duela hiru bat urte Sandiusterri lokalera pasa ziren. 2006ko urrian elkarteak 452 bazkide zituen Hernanin eta azken urteetan 200 kontratu inguru eginak zituen, bataz beste. Aurten Ave Mariara mugitzekoak ziren. Hernanin hasi zena zabaldu egin zen geroago, aurrena EAEra eta geroago, espainiar estatuko erkidego askotara.