Idiazabalgo 1. Pop-rock saria irabazi zenuten urtarrilaren 26an eta disko bat grabatzea duzue saria.
Bai, ez dakigu noiz hasiko dugun grabaketa, baina udara aurretik atera nahi dugu diskoa. Idiazabalgo udaletxeak kaleratuko du diskoa eta beraiek arduratuko dira promozio eta banaketaz. 1.000 ale argitaratuko dira eta guri 400 emango dizkigute.
Zer moduz lehiaketa?
Zero azpiko bost gradu egiten zituen, hotz zitala. Estilo guztietako taldeak zeuden lehiaketan. Hasieran uste genuen agian Euskadi Gaztea estiloko taldeak nahi zituztela, melodikoak. Talde bakoitzak 10 minutu zituen jotzeko eta guk lau abesti jo genituen, oso ondo entsaiatuta genituenak.
Grabatuko duzuen diskoa ez da estreinakoa izango...
Ez, 2006ko uztailean maketa bat grabatu genuen: A Palos, 8 abestikoa, Jorge Reboredo teknikariarekin, eta gustora gaude emaitzarekin. www.iamraros.com gunean jaitsi daiteke diskoa; jada 1.200 kopia egin dituzte. A Palos abestiaren bideoklipa ere badaukagu sarean. Gurea bezalako taldeentzat internet sekulakoa da; Jaen eta Albacetetik idatzi digute, esaterako. Gure web guneak 1.300 bisitatik gora izan ditu orain arte.
Talde gaztea zarete baina esperientzia duena, ezta?
Nik (Kalbok) 102 Puñaladasen eta Telvis Tilves Band-en jo nuen eta zarama gehiago ere egin dut. Patxik Madarikatuak-en jotzen zuen. Gu biak hernaniarrak gara eta taldea Iñakik (gitarra, Idiazabal) eta Asierrek (bateria, Donostia) osatzen dute. Formazio honekin urtebete daramagu eta lehenengo kontzertua 2006ko azaroan eman genuen. Orain arte lau besterik ez ditugu eman ondo entsaiatu eta maila ona eman nahi dugulako. Idiazabalgo lehiaketak orain arteko entsaio guztiak (astean 5) saritu ditu.
Rock gogorra lantzen duzue, ezta?
Bai, rock gogorra esango genuke; ez da heavya izatera iristen, baina ez da soilik rock & roll-a. Joan den astean elkarrizketa bat egin ziguten Goierri telebistan, eta gure kontzertuko imajinetan jendea mugitzen ikusi genuen; hori da garrantzitsuena.
Sarean Barricadarekin antza duzuela diote...
Valladolid web musicalen diote Barricadaren oinordeko duinak garela, eta hori laudorio bat da guretzako. Herri Irratiko Gregorio Galvezek, berriz, Derribos Ariasen antza dugula dio (80ko hamarkadako talde donostiarra) .
Beste kritika bat: ´Iam rarosen letrak errealitate gordinari labankada bat dira´. Hainbesterainokoak al dira?
Letrak errealak dira, gertatzen diren gauzak dira. Adibidez, Americanos abestiak Irakeko gerrari buruz hitz egiten du; La prima Vera, ezagutu nuen prostituta baten inguruan dijoa; Tienes un problema lan munduari buruz; Vaya ostiak narkotrafikoaren gaia ekartzen du gogora; A Palos abestiak, aldiz, emakumeen aurkako indarkeriari buruz hitz egiten du.
Hernaniko lokaletan zer moduz?
Estu, baina ondo. Bilera batzuk egiten ditugu, eta gauza aurrera dijoa. Lokalak mantentzeko zaindu egin behar dira, hori argi dago.