«Ikuspegi sozial eta parte hartzailea duen garraio publikoa nahi dugu; eskubideekin ez da jolasten»

Kronika - Erredakzioa 2007ko ots. 7a, 01:00

Elkartzenek adierazi du txartel bakarraren inguruan Diputazioak zabaldutako informazioa ez dela garbia eta erabiltzaileak nahastu egin dituela.

diputazioak Hernani eta Donostia artean jarritako txartel bakarraren sistema aurkeztu du duela gutxi. Elkartzen taldeak bere ikuspegia zabaldu nahi izan du eta adierazi duenez, ´Diputazioak emandako informazioa ez da garbia eta nahasketa haundia sortarazi du erabiltzaileen artean`.

Bidaien bataz besteko prezioa
Elkartzenek dio Diputazioak emandako informazioan, deskontuak bidaiak atalean aurkeztu dituztela, ´itxura erakargarriagoa hartzen dutelako` eta gaineratzen du: ´Gure ustez deskontu errealak (bidaiaren bataz-besteko prezioak) aurkeztu behar dira. Hau da: hilean 25 bidaia egiten baditugu bataz-besteko prezioa 0,95 euro izango da. Beraz deskontua %9,5 da eta ez %15, esaten duten bezala`. Elkartzenek dio aplikatzen diren deskontuak oso txikiak direla eta benetako eragina izateko bidaia asko egin behar direla hilabete baten barruan.

´Ikuspegi sozialik ez`
Elkartzenek dio txartel bakarraren sistemak ez duela kontuan hartzen erabiltzaile asko prekarietatean bizi direla: ´800 euro baino gutxiagoko soldatak, hipoteka amaigabeak, pentsio txikiak, baliabide ekonomikorik ez duten ikasleak.... Aplikatzen diren prezioak ez dute inongo irizpide sozialik. Ez zaie axola enpresari aberats bat izatea edo pentsio txikiko alarguna izatea`. Elkartzenek galdetzen du ´hori al den Diputazioaren ikuspegi soziala`.

´Parte hartzerik ez`
Elkartzenen iritzira txartel bakarra jartzeko garaian Diputazioak ez du eztabaida zabaldu: ´irizpide nagusi bat izan du, autobus konpainien errentagarritasuna bilatzea. Non dago garraio eskubidea? Non dago garraio publikoaren aldeko bultzada?` galdetzen du. Elkartzenen iritzira guzti hau adar jotzea da eta galdetzen du, baita ere, ia herrian egin diren ekimenak alferrikakoak izan diren: ´herritarren 1.700 sinadurak, udalean onartutako mozioa, herrian egin diren ekimenak, alferrikakoak izan al dira?`. ´Denontzat` izango den garraio publikoa eskatzen du Elkartzenek, ´ikuspegi sozial eta partehartzailea` duena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!