AMR dagoen lekuan etxeak egiten 2011an hasiko direla aurreikusi du Udalak

Kronika - Erredakzioa 2007ko ots. 6a, 01:00

227 etxebizitza egiteko asmoa dute, 56 babes ofizialekoak. Arau Subsidiarioak legealdia bukatu aurretik onartuko dituzte.

uDalak prentsa ohar baten bidez jakinarazi du ´aurrerapausu garrantzitsua` eman dela AMR dagoen lurretan 227 etxebizitza egiteko bidean. Izan ere, Etorlurrek (Foru Aldundiko sustatzaile publikoak), lehiaketa deitu du AMRko Plan Berezia erredaktatzeko. Udalak azaldu duenez, Plan Berezia, etxeak eraiki aurreko pausoa da. 227 etxebizitza horietatik, 56 babes ofizialekoak izango dira eta 111 prezio tasatukoak. Hala ere, Udalak argitu du etxebizitza hauek egiteko Diputazioak AASSak onartu behar dituela. Iñaki Arratibel, Hirigintza zinegotziaren iritziz, legealdia bukatu aurretik onartuko dira.

AMR Akarregira

Udalak jakinarazi duenez, AMR enpresak Akarregin izango duen pabelioi berria eraikitzeko oinarrizko proiektua bidali du udaletxera. Udalak egindako aurreikuspenen arabera, aurten hasiko dira AMRko instalazio berriak eraikitzen. Hurrengo urratsa izango da Floridako fabrika zaharra botatzea, eta okupatzen duen terrenoa deskontaminatzea. Azkenik, etxeak eraikitzen hasiko dira. Prentsa oharrak azaltzen duenez, Etorlurreko arduradunek kalkulatu dute 2011n hasiko direla etxeak egiten. Tramiteak azkartuz gero, lehenago ere hasi daitezkeela aipatu dute.

Industria hirigunetik atera eta etxebizitzak egin

Iñaki Arratibelek azaldu du, eragiketa honek bi helburu dituela: batetik, ´deserosoa den industria jarduera bat hirigunetik ateratzea`; eta bestetik, ´AMRren orubean eragiketa esklusiboki espekulatibo bat sahiestea eta horren ordez, nolabaiteko babesa duten 167 etxebizitza eraikitzea`. AMRkoa legealdi honetako hirigintza eragiketa garrantzitsuenetako bat dela dio Iñaki Arratibelek: ´Foru Aldundiaren eta Udalaren asmo onari esker egin da, ingurumen arazo bati irtenbidea emateko norabide berean aurrera egin delako, erantzun sozial bat emanda`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!