Datorren astean, otsailaren 16an, hasiko dira ofizialki aurtengo Inauteriak eta egitarua prest dago egun horietan ondo pasa nahi duenarentzat. Aurtengo omenduak ere aukeratu dituzte: herriko ikastetxeak; Urumea, Inmaculada, Txirrita, Elizatxo eta Langile ikastetxeak izango dira, beraz, festei hasiera emango dietenak. Otsailaren 16an, ostiralean, arratsaldeko 15:15etan botako dute Udaletxeko balkoitik jaiei hasiera emateko suziria. Segidan ikastetxeetako ikasleak herrian barrena ibiliko dira saltoka eta dantzan, Urumea ikastolako txarangaren laguntzarekin.
´Inauteriak mantentzen dituztenak`
Beatriz Fernandino Kultura zinegotziak azaldutakoaren arabera, herriko ikastetxeak omentzearen ideia jai batzordean proposatu zen. Proposamenak aurrera egin zuen jai batzordean parte hartu duten talde eta pertsonen oniritziarekin. ´Izan ere, jai batzordean komentatu zen herriko ikastetxeak direla herriko inauteriak mantentzeko lan egiten dutenak` azaldu du zinegotziak.
Kartel lehiaketaren irabazlea
Aurtengo kartel lehiaketaren irabazlea Amaia Santana Amado hernaniarra izan da. Arte Ederretako ikasle honek kolorez betetako botak erabili ditu kartela osatzeko. Argazkiak ordenadorean manipulatu ondoren maketatu zuen kartela.
Iñude eta Artzaiak igandean aterako dira
Urtero bezala Inauterietako festa hasi aurretik Iñude eta Artzaien konpartsa ateratzen da, Urumea ikastolak antolatuta. Datorren igandean izango da konpartsa ikusteko aukera, otsailaren 11n. Iñude eta artzaien konpartsan ikasle mordoa ateratzen da (iaz 120). Garai bateko pertsonajeak ekartzen ditu gogora: barkileroak, medikuak, umezainak eta agintariak, besteak beste.