Pirineos Jazz Orchestra 2003an sortu zen, baina zu beranduago hasi zinen bertan. Nolaz hasi zinen bandan jotzen?
2004ko Gabonetan sartu nintzen bandan. Hasiera batean Josetxo Silgeroren ordezko bezala hasi nintzen. Baina gerora, Silgerok bere postua utzi zuen eta ni jarri nintzen haren lekuan.
Dagoeneko Orchestraren bosgarren urtea hasi da, zuretzat hirugarrena. Denboraldi honetan hainbat kontzertu eman dituzue Europan zehar, ezta?
Bai. Beno, ni hasi baino lehenago Durangon, Bilbon, Brujasen (Belgika), Elorrion, Zornotzan, Zumaian eta beste hainbat lekutan ibili dira. Ni 2004ko gabonetan sartu nintzen eta Donostian, Getxon, Iruñan, Tolosan, Ondarroan, Bermeon, Salamancan, Errioxan, Frantzian eta beste herri batzuetan jo dut.
Eta horietatik, zein da bereziki gogoan duzuna?
Uste dut niretzat kontzerturik hunkigarriena 2005ean Donostiako Kursaalean eman genuena izan zela. Randy Brecker Ipar Amerikako tronpetista famatua aritu zen gurekin.
Beraz, ez da geldirik dagoen taldea. Nola moldatzen zarete horrenbeste kontzertu emateko?
Egia esan, ez da batere erraza izaten. Taldea Ipar Euskal Herriko musikoek, Euskadiko musikoek eta Nafarroakoek osatzen dugu. Gainera, Parisen edota Bartzelonan bizi den jendea ere badugu. Beraz, ez da erraza izaten denok elkartzea. Baina merezi du ahaleginak, banda ikusgarria da. Urtean bospasei kontzertu emateko moldatzen gara. Horrez gain, laguntzak ere jasotzen ditugu. Pirineos Jazz Orchestra Europako mugaz zeharreko lehen orkestra da, eta Conseil regional d´Aquitaineren, Nafarroako Foru Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren Mugaz zeharreko Lankidetza Funtsen dirulaguntzak jasotzen ditugu.
Eta batetik bestera ibiltzearekin batera, parrandarako denbora ere izango duzue ezta? Ala hori topiko bat besterik ez da?
Musiko izatea ez da askok uste duten bezain erraza. Nire ustez, musiko parranda zalearena gehiago gerturatzen da topiko bat izatera, errealitatera baino. Ogibidetzat musiko izatea erabakitzen duenak argi izan behar du gogor saiatu beharko duela. Lan ordu asko eta asko eskatzen ditu profesional egiteak. Eta horietako ordu asko bakar-lanean pasa beharko ditu gainera. Ez da erraza.
Pirineos Jazz Orchestra entzutera joaten denari zein estilotako musika eskaintzen diozue?
Batez ere Big Banderako konposaturiko musika originala jotzen dugu. Baina horrez gain orchestrarako moldatutako euskal-kantak ere jotzen ditugu. Baita jazz estandarra ere. Denetatik egiten dugu pixka bat, eta badirudi jendea pozik ateratzen dela kontzertuetatik.
Beraz, estilo diferenteetako musika jotzen duzue.
Bai bai. Saxoa oso tresna konpletoa da. Musika mota ezberdinak jotzeko balio du. Pirineos Jazz Orchestran jazz estiloa da nagusi, baina ez bakarra. Herrietako Bandek musika klasikoa izaten dute oinarri. Txarangetan berriz, musika herrikoia jotzen da gehienbat. Gainera, azkenaldian musika garaikidea ere indarra hartzen ari da. Egia esan, saxofoiak duen aberastasun hori da gehien gustatzen zaidana.
Instrumentuaren aberastasun hori izan al zen saxoa ikasten hastera bultzatu zintuena?
Beno, ez zehazki. Pianoa edo saxofoia ikasteko aukera eman zidaten eta nahiago izan nuen bigarrena aukeratu. Oinarrizko maila hemen, Hernani Musika Eskolan egin nuen. Gero, erdi-mailako ikasketak Errenterian jarraitu nituen. Eta goi-mailako ikasketak berriz Donostian egin nituen, Musikenen.
Familian ere baduzue musikarako zaletasuna. Lau anai-arreben artean zerbait prestatzea pentsatu ahal duzue?
Pentsatu... Bai. Behin baino gehiagotan pentsatu izan dugu kontzerturen bat ematea edo diskoren bat ateratzea... Itsasok eta biok saxoa jotzen dugu. Laurak eta Jorgek berriz perkusioa. Elkarrekin zerbait polita egin genezake bai. Baina oraingoz, bakoitzak berearekin nahikoa lan badugu bestela ere. Agian etorkizunean, denbora gehixeagorekin, ondo pentsatu eta prestatuta... egingo dugu zerbait. Baina horixe, etorkizunerako plan gisa ikusten dugu oraingoz. Bitartean lanean jarraituko dugu.
Hernanin hasi eta Hernanira itzuli. Urteak daramatzazu ‘Hernani’ Musika Eskolan irakasle gisa, eta gaur egun bertako zuzendari ere bazara. Nola ikusten duzu saxofoiaren etorkizuna?
Nik uste dut etorkizuna aseguratuta daukala saxoak. Musika Eskolan bertan ez zaizkigu ikasleak falta. Talde polita osatu dugu. Banda munizipala ere gogor aritzen da lanean. Orokorrean jendea gustura joaten da horrelako kontzertuez gozatzera. Azken finean, saxoa oso instrumentu aberatsa da, eta musika estilo diferenteak jotzeko aukera ematen du. Beraz, erraza da jende gehiagorengana iristea.