Uzta bikaina ekarri zuten herrira Hernaniko pelotariek, atzo zortzi Azpeitian paleta goma modalitatean jokatu ziren finaletatik: bi txapel eta hiru bigarren postu. Emakumea Pelotari txapelketan, nagusien mailan, hernaniarren arteko finala izan zen, bikote bakoitzean herritar bat baitzegoen. Alde batean Eluska Arrondo eta bestean Garazi Jauregi. Azkenean txapela Eluska Arrondo-Maider Mendizabal bikoteak jantzi zuen, partidu estuan, 30-27 irabazita. Garazi Jauregik, Nagore Arozena zuen bikotekide. Kadete mailako Gipuzkoako txapelketan ere antzeko zerbait gertatu zen, lau finalistetatik hiru hernaniarrak baitziren. Txapeldun Miren Otxotorena hernaniarra eta Maitane Aburuza zizurkildarra izan ziren eta bigarren Ane Lizeaga eta Mirari Pagola hernaniarrak. Txapelketa hauetan ikusitakoaren arabera, eta arduradunek ere hala aitortuta, esan daiteke Hernani Gipuzkoa mailan, paleta goman punta puntan dagoen herria dela. Orain Euskal herrikoan demostratu beharko dute euren maila.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!