Hernaniko kontu zahar eta berriak, 2006 urtekarian

Kronika - Erredakzioa 2007ko ots. 3a, 01:00

HERNANIKO Udalak argitaratu du aurten ere Hernani 2006 urtekaria. Urtekari honek espektazio haundia sortzen du herritarren artean; horren seinale da atzo iluntzean aurkezpenera joan zen jende kopurua. Urtekaria Hernani eta hernaniarrekin zer ikusia duten erreportajez beteta dator, hernaniarrek egindako lanari garrantzi berezia emanda. Urtekaria aurkezten izan ziren, Iñaki Arratibel Hirigintza (Alkatea ordezkatzen); eta Beatriz Fernandino, Kultura zinegotzia. Aurkezpenean barkamenak eskatu zituzten 2006ko urtekaria berandu ateratzeagatik eta zin egin zuten datorren urtean urtekaria, urtea bukatu aurretik argitaratuko dutela.

Iragana eta aktualitatea
Urtekariak garai bateko Hernaniko kontakizunak ekartzen ditu gogora eta baita puri-purian dauden gaiak ere. Horrez gain, zenbait herritar esanguratsuk egindako lanari ere egiten dio jarraipena: Pagoagako anai fraileak (Enrike, Joxe Mari, eta Luis); Julen Madina; Gorka Gomez sukaldaria; Pello Sarriegi, idazle eta euskal eragilea; Roberto, Laura, Jorge eta Itsaso Pacheco musikariak; Benigno Albeniz uztargilea, Horrez gain, garai bateko gizonentzako ileapandegiei buruzko erreportajea ere aurkitu daiteke bertan. 1956ko San Joanetan Jose Mari Donostik idatzitako erreportajea; Finlandian barrena hainbat hernaniarrek egindako eski trabesia; Hernaniko kaleetan dauden eskulturak; Txirrita hil zela 70 urte direla eta aipamen berezia egiten zaion erreportajea; Hernaniko Bertso Eskolaren 25 urteurrenari buruzko erreportajea; garai bateko eta gaur egungo Zinkoenea; Agustinetako komentuaren berrikuntzari buruzko erreportaje zabala; eta burutu ez diren zenbait proiekturen aipamenak ere aurkitu daitezke 2006 Hernani urtekarian, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!