Donostiako Udalak erraustegia Zubietan jartzea onartu zuen joan den astearteko Plenoan, gaia urgentziaz sartzea eskatuta eta PSE-EE, EAJ eta EAren aldeko botoekin. Erraustegia, Usurbil aldera dagoen alderdian jartzea onartu zuten, Donostiako lurretan. Donostiako Udalak erabaki duen bigarren kokagunea da Zubietakoa, aurreko aldian Landarbason egitearen aldeko botua eman baitzuen. Orduko hartan, Dipu-tazioak atzera bota zuen kokagunea, baina, Zubietakoak Diputazioaren oniritzia du.
Aurkako iritziak
Instituzioei dagokienean, Usurbilgo nahiz Lasarteko alkateek erraustegia Zubietan jartzearen aurka azaldu dira. Bestalde, Erraustegiaren kontrako plataformen koordinadorak atzo gauean zuen urgentziazko bilera egitekoa. Urumea Bailara Bizirik taldea bilerara joatekoa zen eta Kronikari esan diotenez plataforma guztien artean adostutakoaren berri emango dute egunotan. Kokagunearekin batean, Gipuzkoako mankomunitateekin hitzarmena ere onartu zuen Plenoak, San Markos zatika itxi eta erraustegia egin artean zaborrak beste mankomunitateetan hartzea ahalbideratzeko.