KAXKO auzo elkarteko bizilagunek bilera izan zuten asteazkenean. Bertan zenbait puntu aztertu zituzten, tartean: Plaza Berrin aulki eta argi gehiago jartzeko eskaria, Txotx denboraldian sortzen diren arazoak, elkarterako lokal baten beharra, eta TAOa. Bileraren antolatzaileak pozik agertu dira, bilerara 40 bat lagun azaldu zirelako.
Aparkamendu arazoak
Bilerako puntu garrantzitsuetako bat izan zen aparkamendu arazoa. Udala aztertzen ari da TAO eremua zabaltzea. Kaxkoko bizilagunak keja dira bertako bizilagunentzat eremurik ez dagoelako. Udalari eskatu nahi diote Kaxkoan zenbat kotxe dauden aztertzea. Udalak TAOari buruz hitz egiteko bilera deitu du otsailaren 14rako, arratsaldeko 20:00etan, Biterin.
Txotx denboraldia
Kaxkoko bizilagunak kezkatzen dituen beste gai bat da txotx denboraldian etortzen den jendeak sortzen dituen arazoak. Zenbait gauza hobetu direla diote baina oraindik ere hor jarraitzen duela. Auzo elkarteak 10 urte daramazki txotx denboraldiari jarraipena egiten dion lan taldean parte hartzen eta momentu honetan ez du botorik lan talde horretan. Azaldu dutenez, mahai horretan presentzia gehiago izateko, bizilagunen babes gehiago behar da.
Hitz egindakoa
Karga-deskarga.
Egoera hobetu egin da, nahiz eta oraindik ere kamioiren bat portal parean aparkatu, tarte haundirik utzi gabe.
TAO mugatua.
Bizilagunak keja dira, bertakoak izanda, erdigunean aparkatzeko lekurik ez dutelako. TAOa zabaldu aurretik, eskatuko dute aztertzea Kaxkoan zenbat kotxe dauden. Udalarekin bilera otsailaren 14an egingo dute
Plazako proiektua.
Alegazioak aurkeztu dira eta Udalarekin biltzekoak dira. Zuhaitzak kentzearekin ez daude ados eta hori argitu nahi dute.
Kontainerrak lur azpian.
Elkano eta Atzietako zabor-edukiontziak lur azpian sartzea onartuta dago aurtengo aurrekontuetan. Orain lehiaketara atera behar da obra. Aurten egingo da.
Plaza Berri.
Plaza Berrin eserlekuak eta argi gehiago jartzea eskatu dute. Udalak dio Plaza Berri berritzeko proiektua egin behar dela aurretik.
Gabonetako musika.
Zenbait bizilagun kejatu da Gabonetako musikagatik eta jakinarazi dute Udalak, Kaxko elkarteak eta komertzioek adostu dutela hori egitea. Diote giroa alaitzeko dela.
Kaxko elkartearen egoitza.
Hamar urte baino gehiago daramate biltzen eta ez dute haientzako lokalik.
Txotx denboraldia.
Hamar urte daramate txotx denboraldiari jarraipena egiteko lan taldean. Zenbait gauza hobetu da. Bizilagunen babesa behar da lan taldean presentzia haundiagoa izateko.