Kriskitiña dantza taldeko Xabier Segura eta Lierni Martiarena dantzariek txapelak lortu zituzten joan den asteburuan Barakaldon egindako suelto txapelketan. Leioa, Sestao, Rekalde eta Bergarako dantzarien aurka lehiatu zen bikote hernaniarra. Dantza taldeak adierazi du, entsaiatzeko ´leku duin` bat izanez gero eta ´ordu asko` sartuta, emaitza onak lortzen jarraitu dezaketela dantzari hernaniarrek. Izan ere sasoi puntu onean daude Kriskitiña dantza taldeko bi dantzariak eta 2006an txapelketa askotan ibili dira goiko muturrean: besteak beste txapeldun izan ziren Amurrion, Asteasun eta Arabako Estibalizko Santutegian; bigarren gelditu ziren Algortan, Itziarren, eta Barakaldon, eta hirugarren gelditu ziren Sestaon eta Soraluzen. Aurten ere bide beretik hasi dute urtea.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!