IREKI da txotx denboraldia, ofizialki, atzo egin baitzen urtetik urtera indar haundiagoa hartzen ari den txotx irekiera herrikoia, Gudarien plazan. Urtero omentzen dute jende ezaguna ekitaldi honetan eta aurten Wazemank saioko aktoreen txanda izan da. Anjel Alkain, Ainere Tolosa, Jon Iraola, Mikel Pagadizabal, Ana Elordi, Mikel Laskurain eta Egoitz Lasak ez zuten hutsik egin eta gusto haundiz hartu zuten aurrenekoz Plazako kupela irekitzeko ardura, ´Hau da Gipuzkoako sagardo berria!` oihukatuta. Ekitaldian, mono txuri eta maskararekin jantzita, pankartak zeramazkiten hainbat lagun bildu ziren, Iñaki de Juana askatzeko eta euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatzeko.
Eskultura opari
Sagardoa probatu aurretik, arkupeetan jarritako taulan Wazemank saioko aktoreei omenaldia egin zieten. Aitor Ruiz de Egino artista hernaniarrak egindako eskultura eman zieten eta baita agurra dantzatu eta bertsoak kantatu ere. Bertsolariek Wazemank saioko aktoreen lana nabarmendu zuten, ´gaur egun jendeari barre egin araztea ez baita nola nahiko lana` esan zuten. Omenaldiaren ondoren Akarregi sagardotegira joan ziren bazkaltzera omenduak.
Joxan Rekondo alkateak sagardoaren inguruko testu bat irakurri zuen jendaurrean.