Txotx irekiera ekitaldi ofiziala izango da bihar, Gudarien Plazan. Urtero gonbidatzen dute jende ezaguna ekitaldi honetara eta aurten Wazemank saioko aktoreak izango dira ekitaldia girotzen: Anjel Alkain, Ainere Tolosa, Jon Iraola, Mikel Pagadizabal, Ana Elordi, Mikel Laskurain eta Egoitz Lasa. Haiek izango dute plazan jarriko dituzten bi kupelak irekitzeko ardura, beraz ez da bihar umorerik faltako, Plazan.
Aizkolari, txistulari eta txaranga
Txotx irekieraren inguruan piroteknia ikuskizuna ere antolatu dute. Segidan Incansables txaranga aterako da herriko kaleak girotzera. Herri kirolak ikusteko aukera ere izango da, Mugerza anaiek aizkoran erakustaldia egingo baitute.