Hernaniko Udaleko Berdintasun Kontseiluak kartel lehiaketa bat antolatu du martxoaren 8an Emakumeen nazioarteko eguna dela-eta. Kartelak lelo hau behar du: Hernanin berdintasunean bizitzeko, parte hartu eta lehiaketaren helburua da leloaren ideia islatzen duen diseinu grafiko bat aukeratzea.
Oinarriak
Kartelak leloa idatzita behar du eta diseinuak ere leloarekin zerikusia izan behar du. Aukeratutako kartelari leloa euskeraz eta erderaz jarriko diote eta urtea ere azalduko da. Kartela egiteko edozein teknika onartuko dute; baldintza bakarra inprimategian kopiatu ahal izatea da. Hori bai, kartela paperean aurkeztu beharra dago eta neurriak 45x30 cm. eta 65x40 cm. artean behar du. Lana entregatzerakoan, kartela bilduko duen paperean ´Martxoaren 8ko I. Kartel lehiaketa` jarri behar da eta lanaren atzealdean egilearen ezizena ere bai. Egilearen izen-abizenak eta bestelako datuak (adina, helbidea eta telefonoa) NANaren fotokopiarekin batera gutunazal batean entregatu behar dira. Gutunak azalean idatzita behar du datu horiei dagokien ezizena.
Otsailaren 19ra arte
Lanak Hernaniko Udaletxean aurkeztu behar dira, Informazio eta Erregistro bulegoan, otsailaren 19an 14:00ak aurretik. Postaz ere bidali daiteke helbide honetara: Aukera Berdintasunerako Saila, Gudarien plaza, 1 20120 Hernani. Irabazleak 600 euroko saria izango du. Lehiaketaren oinarriak Udaletxeko web gunean (www.hernani.net) eta Biterin kontsultatu daitezke.