alarma gorria dago deituta datozen bi egunetarako, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta inguruko lurraldeetan. Negua iritsi da, eta elurra, euria eta haizeteak iragarri dituzte probintzia guztian. Atzo elurrak lehendabiziko bisita egin zuen goietan, eta euria ere gogotik egin zuen astelehen gauean eta atzo egun guztian. Añarbeko urtegian astelehenean goizeko 08:00etatik atzo goizeko 08:00etara, 42,7 litro bota zituen metro karratuan. Atzo Urdaburu, Adarra, Aballarri eta Oindi tontorrak zurituta zeudela argitu zuen eguna, eta datozen egunetan oraindik beherago egitea espero da. Gaur eta bihar 100 metroz azpitik ere egin lezake.
Bi istripu, zauriturik ez
Bi istripu izan ziren atzo goizaldean Hernanin, baina ez zen zauriturik izan, Ertzaintzako prentsa bulegotik Kronikari jakin arazi diotenez. Lehendabizikoa goizeko 06:38an izan zen, Lore-Tokiko errebueltan, kotxe bat bere bidetik aterata. Bigarren istripua goizeko 07:15etan izan zen, Urumeako barianteko tunelean; hiru kotxek jo zuten elkar. Esan bezala, ez zen zauriturik izan bi istripu horietan.
Añarbeko urtegia %66,5ean dago, euri zain
Atzotik, Añarbeko urtegia oraindik ez da asko bete, baina gaurtik aurrera espero da betetzen hastea, Añarbeko Uren Mankomunitatetik Kronikari jakin arazi diotenez. Urtegia %66,5ean zegoen atzo. Gaur eta bihar euri eta kazkabar erasoak espero dira, eta urtegiaren maila igotzea espero da; Urumea errioa ere ur dezenterekin pasatzea espero da.
Erauntsi haundiak gaur
Gaurtik ostirala bitarte negu giroan segiko dugu. Gaur maximoak 7ºC inguruan ibiliko dira eta minimoak 4ºC inguruan. Euri eta elur erauntsiak espero dira, eta gauerako 100 metroraino zuritu lezake. Bihar ere tankerako giroa espero dugu, eta eguzki izpiren bat ikusiko badugu ere, hotza oraindik haundiagoa izan liteke (maximoak 6ºC, eta minimoak 2ºC); euri eta elur erasoak espero dira.