Inauterietako mozorro festan parte hartu nahi dutenek bihar hasiko dituzte entsaioak

Kronika - Erredakzioa 2007ko urtarrilaren 23a

Lau entsaio izango dira eta lehenengoa da bihar, Biterin, 17:00etan. Parte hartu nahi duten gazte guztiek azaldu beharko dute biharko bilerara.

Inauteri jaiak prestatzen ari dira dagoeneko eta azken urteetan egin izan den Mozorro Festa aurten ere izango da, gazteentzat. Otsailaren 17an egingo da, Tilosetan eguraldi ona bada eta Atsegindegin txarrarekin, eta entsaioak bihar bertan hastekoak dituzte. Entsaioaz gain, mozorro festa antolatzeko bilera ere bihar izango da eta parte hartu nahi duten gazteek Biterira azaldu beharko dute, bihar, asteazkena, arratsaldeko 17:00etan.


Musikak lagunduta
Mozorro festak, mozorroak berak eta musika izaten ditu ardatz eta helburua da gazte hauek sortzaile izan eta musikaren inguruan saio bat prestatzea. Gazteek, bakarka edo taldean, kantu baten inguruan abestu, dantzatu edo antzeztu egin beharko dute eta horretarako musika ekipoa, mikrofonoak, CD reproduktoreak eta beharrezko material guztia izango dute aukeran. Aurkezleak eta parte hartzaile guztiak mozorrotuak joango dira eta txandaka egingo dituzte emanaldiak, ordena zozketa bidez erabakita. Guzti hau ondo prestatzeko 4 entsaio izango dira, bihar bertan hasita eta Hernaniko inguruko herrietako gazteek izango dute aukera parte hartzeko.

Sariak berek eginak
Talde bakoitzak, berak egin edo aukeratu duen musikaz gain, emanaldirako sari bat prestatu beharko du, antolatzaileen hitzetan ´eskuz egina bada hobe`. Ekitaldi bukaeran banatuko dira sari guztiak parte hartzaileen artean, eta modu honetan talde edo bakarlari bakoitzak besteek egin dioten oparia jaso ahal izango du, ez baita irabazle eta galtzailerik izango.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!