Hernaniko Ohorezko B mailako taldeak sekulako azaina lortu zuen atzokoan. Izan ere, Durangoren zelaian irabazi eta gero (14-23), bigarren jarri dira sailkapenean, dagoeneko liga erdia jokatu denean. Atzoko garaipenarekin, lau partidu irabazi dituzte etxetik kanpo eta lehen itzulian Alcobendas liderra bakarrik izan da hernaniarrak garaitzeko gai. Atzo, madrildarrek 8-48 irabazi zioten Vigoko taldeari eta horri esker, hernaniarrak galiziarrei bi puntu ateratzen dizkiote orain sailkapenean.
Bonusik gabe
Bonusak lortuz gero, oraindik gorago egongo litzateke Hernani, baino atzokoan ere ezin izan zuten lortu. Bonusik lortu ez duen talde bakarra da Hernani orain arte.
Atzoko partidua ez zen, hala ere, bonusa erraz lortzekoa. Nahiko sari izan zen garaipena, hernaniarrak atzetik joan baiziren atsedenaldira (11-7). Bigarren zatian beste bi entsegu lortu zituzten eta 14-20 jarri ziren baina bukaerara arte ezin izan zuten emaitza aseguratu, Iraitz Garmendiak drop bat lortu zuen arte. Entseguak Bolik (2) eta Oier Garmendiak lortu zituzten.
Joxe Elosegi entrenatzailea ´oso pozik` zegoen, bai sailkapenagatik eta bai ´talde konpletoa garela erakutsi dugulako`. Gogoratu behar da Hernanik 5 baja zituela atzoko partidurako, tartean, Otaño kapitaina. Igotako 4 jubenilak ´oso ondo` aritu zirela ere nabarmendu zuen Elosegik.
Hurrengoa otsailaren 4ean
Hernanik atsedenaldia beharko luke otsailaren 18ra arte, baina Valencian jokatu beharreko partidua otsailaren 4ra aurreratzea eskatu diete valentziarrei.