ONARTU dira 2007ko udal aurrekontuak, Gobernu Taldearen aldeko botoarekin. PSE-EE abstenitu egin zen eta PPk kontrako botoa eman zuen asteazkeneko plenoan. Kirol eta Ongintza patronatuetako aurrekontuak kontuan hartuta, guztira 34.110.893 euroko aurrekontua izan da plenoan onartutakoa. 2007ko Udaleko aurrekontua 25.012.250 eurokoa izango da, Kirol patronatukoa 2.557.589 eurokoa eta Ongintzakoa 6.541.054 eurokoa. Gobernu Taldeak azpimarratu du aurrekontu hauekin azpiegiturak sortu eta hobetzeko apustua egin dutela, baina honek ez duela esan nahi zerbitzuen kalitateak behera egingo duenik, ezta herritarren ekarpen ekonomikoak gora egingo duenik ere. Zenbait diru sarrera AASSak onartzearekin lotuta daudela-eta, zenbait kritika jaso dituzte aurrekontu hauek. Horri erantzunez, Joxan Rekondo alkateak adierazi du, aurrekontuak aurreikuspen bat direla eta AASSak martxoa edo apirilean onartuko direla, dena ondo badoa. Aurrekontuek berritasunik ez dakartela ere aipatu izan du oposizioak. Horren aurrean Joxan Rekondok azaldu du, inoiz baino auzo gehiago urbanizatuko direla eta hurrengo urteetarako inbertsio nagusia SagardoGunea izango dela.
PSE-EE abstenitu egin zen
PSE-EEk aurrekontuei osoko emendakin bat eta zehatzagoak diren beste bost aurkeztu zituen. Aurkeztu eta onartutako emendakin bat izan da, etxez etxeko zerbitzurako langabetuak hezteko kurtsoa martxan jartzea. Izan ere, sektore honetan lan eskari haundia dago. Onartutako beste emendakin bat izan da, Hernanirekin senidetutako herrietan proiektuak ateratzeko aparteko partida bat gordetzea. PSE-EE, hala ere, abstenitu egin zen aurrekontuen botazioan, etxez etxeko laguntza zerbitzurako familiek bere kasa norbait kontratatzeko jarriko den diru laguntza sistema dela eta, batez ere. Udalak babes ofizialeko etxeak egiteko lurra eskuratzeko diru partidarik aurrikusi ez izana ere ez zaio ondo iruditu. PSE-EEren iritzira aurrekontu hauek ez dute anbiziorik.
PP kontra
PPk ez zuen emendakinik aurkeztu, baina plenoan bere desadostasunak aurkeztu zituen. PPko zinegotziaren ustez, aurrekontu hauek aurreko urteetakoen jarraipena besterik ez dira. Horrez gain, zorpetze maila eta gastu arruntak igo egin direla eta, horiek aztertu eta kontrolatzeko beharra azpimarratu zuen. Garatzeko bidean dauden herrialdeetarako bideratutako laguntzak bere helburua betetzen duten jakiteko jarraipen zorrotza egitea eskatu zuen eta partida bat eskatu zuen babes ofizialeko etxeak egiteko lurrak erosteko.
BHk osoko mozioa
BHk osoko emendakina aurkeztu die aurrekontuei. Eskatu dute aurrekontuak bertan behera utzi eta prozesu partehartzaile bat irekitzeko.
AMHER elkartearekin hitzarmena
Asteaskeneko plenoan eztabaidatu zen beste puntuetako bat Udalak eta AMHER elkarteak sinatutako hitzarmena izan zen. Hitzarmen horren bidez Udalak 18.000 euro emango dizkio elkarteari jornada erdian lan egiteko pertsona bat kontratatzeko. Pertsona honen lana izango litzateke beste herrialdeetatik etorritako pertsonak asesoratzea, haien egoera regularizatzeko, besteak beste. PSE-EE bozketan abstenitu egin zen, uste duelako Udalaren egitekoa dela lan hori.
Bihar eguerdiko 12:00etan egingo dute hitzarmenaren aurkezpena, Biterin.