HCRE Ohorezko B mailako taldeak gaur itxiko du lehenengo itzulia, Durangon, 12:15etan hasiko den partiduarekin. Galduta ere, itzuli borobila sinatuko dute hernaniarrek, bost partidu irabazi baitituzte orain arte, horietatik hiru etxetik kanpo. Irabaziz gero, ordea, ikaragarria izango litzateke lortutakoa, sailkapenean bigarren jartzea izango luketelako eta oso egoera onean iritsiko liratekeelako bigarren itzulira.
Bajekin dijoaz
Gaurko partidurako, Joxe Elosegik ezingo ditu jokalari guztiak bere aginduetara eduki. Cornelláren aurkako partidutik bi jokalari ditu zigortuak eta osteguneko entrenamenduan beste bik mina hartu zuten. Horregatik, eta jubenilek atseden jardunaldia dutela aprobetxatuta, 4 gazte igo ditu gaurko partidurako.
Belar artifiziala
Bajez gain, beste faktore bat ere izango dute kontra gaur hernaniarrek: zelaia. Durangoko zelaia belar artifizialezkoa da eta hori desabantaila bat da lokatz artean jokatzen ohituta dagoen taldearentzat.