Bertsoa.com: bertso-saioak interneten zuzen zuzenean entzun eta ikusteko aukera jarri du Jexux Mari Irazuk

Kronika - Erredakzioa 2007ko urt. 21a, 01:00

Urtean 250-300 bertso-saio jartzeko asmoa du Irazuk, interneten, eta horietatik asko zuzen-zuzenean jarraitu ahal izango dira.

bertsoa.com bertso plaza digitalak bertso-saioak entzun eta ikusteko aukera eskaintzen du, interneten. Orria Jexux Mari Irazu Hernanin bizi den larrauldarrak egin du, eta joan zen ostegunean aurkeztu zuen, Koldo Mitxelena kulturunean. Asteburuan izandako bertso-saioen erreseinak, saioa bera entzun eta ikusteko moduan, bertso eskola digitala (ariketa eta guzti), bertso-agenda, bertsolarien fitxak eta abar daude www.bertsoa.com helbidean. Irazuk helburu nagusi batekin egin du web orria: ´plazaz plazako bertso sormenari zabalkunde bide berriak irekitzea eta, aldi berean, bertsolari gisa, nere gune propioa eta iraunkorra izatea`. Irazuk berak eta Aitor Ubarretxena Info3 komunikazio enpresako zuzendariak aurkeztu zuten web orria, joan den ostiralean, Koldo Mitxelena kulturunean. Ubarretxena arduratu da alde teknikoaz. Maialen Lujanbio bertsolari hernaniarrak egin du logoa.

Helburua, 250-300 saio internet bidez botatzea

2007rako helburuetan dute, 250-300 bat saio bertsoa.com-en jartzea, eta horietatik asko zuzenean. Horretarako, Bertsozale Elkartearekin elkarlanean arituko dira, Xenpelar dokumentazio zentruaren bitartez.

Frogak eginak

Bertsoa.com urtarrilean aurkeztu badute ere, urritik ari da frogetan, eta 40 saiotik gora egon dira interneten jarriak. Zuzenean eman dituzten emanaldiak dozena erditik gora izan dira, eta horien artean Bizkaiko Bertsolari txapelketako finala.

‘Streaming-a’, berria

Ekitaldi bat zuzenean interneten botatzeari streaming esaten zaio, eta hemen ez dago oso zabaldua oraindik. Hala ere, hau esan zuen Ubarretxenak aurkezpenean: ´streming-a une honetan garatzen ari den tresna da eta etorkizunera begira izugarrizko potentziala du. Ikusi besterik ez dago youtube edo google.bideo bezalako proposamenek duten arrakasta`. Alde teknikoaz Ubarretxenak esan zuen, zailena izan dela zuzeneko emanaldietan banda zabaleko konexioa nola lortu. Azkenean, konexio puntu finkorik ezean, 3G teknologia hobetsi dute, estaldura nahiko zabala omen duelako Euskal Herrian; behar adina abiadura ere bai.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!