´Taldea da txapelduna, baina Arnaitz etxean gordeko duna`

Kronika - Erredakzioa 2007ko urt. 21a, 01:00

Arnaitz Lasartek irabazi du Tabernetako Txapelketa.

Saio ´beroa` egin zuten ostiralean Tabernetako Txapelketako sei finalistek, Garin tabernan. Giro espeziala zen kanturako, eta hala aritu ziren bertsolariak ere. Oso parekatua izan zen saioa, eta txapelketa kutsua galtzen joan zen pixkanaka, ohitura den bezala, bertsolariak animatzen joan ahala. Azkenean gazteenak, Arnaitz Lasartek, hartu zien tamaina gainerakoei eta berak jantzi zuen txapela, Jon Altuna Oxan-en eskutik: ´...taldea da txapelduna, baina guztien artean Arnaitz etxean gordeko duna`. Seikotean gainerakoak hauek ziren: Anjel Arruti, Arkaitz Santakruz, Exteban Martiarena, Iraitz Santakruz eta Urko Kasado.

Bi fase eta sei sari

Sei bertsolaritik, azken fasera hiru pasa ziren (Arnaitz, Iraitz eta Urko), ´enpate taktiko` bat zela-eta. Azkenean, Urko izan zen bigarren, eta Iraitz hirugarren. Gainerakoetan, Anjeli eman zioten tabernetako txapelketako urretxindorraren saria, Arkaitzi berdeenarena, eta Extebani beteranoarena.

´ei, ei, ei!! tele-sagardotei!`

Atzoko ateraldi batzuk aipatzekotan: Iraitzek bota zuena sagardotegi batean janari azkarreko negozioa jarri nahi zuela eta: ´...ei, ei, ei! ...egingo dute dei, ...tele-sagardotei`. Arnaitzi kondoi bat eman zion gai-jartzaileak eta horrek ere eman zien gero zer esana. Elkarri puntua jartzen ari zirela, Arnaitzi: ´eta hoi ere ekis-elia al dakak` eta erantzun: ´ez da ekis-elia baina badaukat bat`. Edo Urkori eskalatzeko soka eta mosketoia eman zizkiotenean: ´inongo elizatan ez dago ezkilik, nik haina ordu pasa duenik zintzilik`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!