Pasa den asteburuan izan genuen prentsa bitartez udaleko oposizioko taldeek udal gobernuak aurkezturiko aurrekontuen inguruan zuten iritziaren berri. Bestelako gaietan esan dezaketenaren inguruan ez dugu iritzirik emango baina argi eta garbi erantzun nahi diogu Partido Popularrari euskara arloko aurrekontu atalari dagokionez esan dituenengatik. Beraien hitzak erabiliaz, ez zaigu `insólitoa` iruditu PPren jarrera, ezaguna baita euskararekiko beraien gorrotoa, urte luzez landua. Ezagunak ditu euskarak eta euskalgintzak beraien erasoak, hemendik gutxira beteko dira lau urte PPren aginduz Euskaldunon Egunkaria itxi zigutela. Ez gara idatzi honetan euskara arloko aurrekontuaren egokitasuna aztertzen hasiko, baina garbi adierazi nahi dugu euskara normalizatuko bada, diru hori eta gehiago beharko duela.
Azkenik eta amaitzeko, zuen hitzetan berriz, uste dugu Hernaniko euskalgintzak `sobradamente` lan egin izan duela eta egiten duela egunerokoan. Zoritxarrez, euskarak guztion beharra du oraindik, baita PPrena ere, baina garbi dago zuek ez zaudetela laguntzeko prest.
Larraitz Rodrigez Zaldua
Hernaniko EHEren izenean