‘Iaz Cannes eta Veneziako Zinemaldietan estrenatutako film hoberenak ikusgai daude Donostiako karteleran’

Kronika - Erredakzioa 2007ko urt. 21a, 01:00

XABIER ERDOZIA, ‘LOU’

MOMENTU ezinhobea zinemara hurbiltzeko. Gainera, aipatutako zinemaldietan ikusi ahal izan diren filme ugari oraindik iritsi gabe daudela kontuan harturik, datozen hilabetetan zine interesgarria ikusteko aukera izango dugula esan dezakegu, beldurrik gabe. Bitartean goazen aztertzera zer daukagun eta zer datorren.

BABEL (2006)

Alejandro Gonzalez Iñarritu zinegile mexikarraren azken obrak itxiera eman dio Amores perros eta 21 gramos filmeekin osatutako trilogiari. Canneseko zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia lortu ondoren, Iñarrituren filmeak arrakasta nabaria lortu du mundu osoan, Estatu Batuetan izan ezik. Halere, pasa den astean Filme Hoberenaren Urrezko Globoa lortu ondoren, inkomunikazioari buruzko pelikula bikain honek lortu du Oscar Sarietako loterian sartzea. Azaleko arazoak alde batera utziz, esan beharra dago Iñarrituren filmeak zorrotz aztertzen duela `aldea globalaren` kontzeptu utopikoa. Horregatik ezinbestekoa da filme hau ikustera joatea. Azpimarratzekoa Guillermo Arriagaren gidoia eta Gustavo Santaolallaren (Brokeback mountain) musika. Bikaina.

GURE GURASOEN BANDERAK (2006)

Million dollar baby bikaina gauzatu ondoren, Clint Eastwood maisuak eta Paul Haggis gidoigileak Iwo Jimako bataila aitzaki moduan erabili dute Estatu Batuetako gobernuak bataila honetan lortutako argazki famatuaren bidez gauzatutako manipulazio propagandistikoa salatzeko. Horrez gain, Eastwoodek eta Haggisek heroitasunaren azterketa zorrotza lortzen dute faktura klasikoa duen filme zoragarri honekin. Bitxia da jakitea filmeak ez duela ia arrakastarik lortu Estatu Batuetan. Laister datorkigu Eastwood berak zuzendutako Cartas desde Iwo Jima, bataila horren kronika japoniarren ikuspegiaren aldetik. Bitartean, ez galdu filme zoragarri hau.

EL TRUCO FINAL: EL PRESTIGIO (2006)

Christopher Nolan (Memento, Insomnio, Batman begins) zuzendutako azken filmea da El truco final: el prestigio bikain hau. Christopher Priesten alean oinarritua, Nolanen filmeak bi magoen arteko tirabirak aztertzen ditu XIXgarren mendearen bukaeran. Thriller erakargarri honek maisuen estiloa dakarkigu burura (Hitchcock, Lang). Oso ondo girotua eta antzeztua, El truco final: el prestigio ez da filme borobila, baina bai kontuan izateko filme nabaria.

MARIA ANTONIETA (2006)

Kritika latzak jaso ditu Sofia Coppolaren azken filmak. Eta zaila da ulertzea zergatik. Agian ordu erdi bat soberan dauka, bai. Batzuentzat bigunegia izan da Coppolak aztertzen duen pertsonai historikoarekin. Baita ere. Bukaeran, agian Lost in traslation filmaren zuzendaria ez da batere objetiboa eta Maria Antonietaren alde jotzen du errealitate historikoa aldatuz. Baina Coppolak filme izugarria zuzendu du, oso originala, eta topikoak alde batera utziz, Frantziako azken erreginaren irudia berritzea ez da helburu makala. Horrela, aberatsen eta ez hain aberatsen azaleko bizitzaren radiografia zorrotza lortu du Coppolak. Ikusi beharrekoa.

BOBBY(2006)

Emilio Estévez aktorearen azken filme honek Robert Kennedy senadorearen erahilketa gertatu aurretiko hogeita lau ordutan Ambassador Hotelean gertatutakoa aztertzen du. Senadorearekin zer ikusia duten hogei pertsonaien gorabeherak jarraitzeko, Estevezek Gran Hotel filme klasikoaren estruktura erabili du, baina Robert Altmanen Short cuts eta P.T. Andersonen Magnolia filmeen eragina ere agerian dago filmean. Beraz, filme handia Estevezek zuzendutakoa. Gainera, Bobbyk Estatu Batuetako egungo egoera politikoarekin lotura zuzena du, Bobby Kennedyren erahilketak (1968) politika egiteko modu bat desagertu arazi baitzuen. Eta baita finkatu ere egungo egoera politikoaren oinarriak (Bush, Blair...).

`APOKALIPTO` (2006)

Beste aktore baten azken filmea da Apokalipto, Mel Gibsonena. La pasión de cristo filme polemikoa egin ondoren, oraingoan Gibsonek bere filme sendoena zuzendu du. Bertan Maien zibilizazioaren ikuspegia ematen, eta zibilizazio horren desagerpenaren zergatiak aztertzen saiatu da aktorea. Halere horrez gain filmea izugarrizko ikuskizuna da. Apokalipto abenturazko filme adrenalinikoa da. Baino batez ere, Gibsonek lortu duena da sekulako filme ederra. Erritmoz beteriko Apokalipto honen azken ordua ahaztezina da. Filmea ez da borobila, baina Gibsonen pelikulak abenturazko filmeen generoak ia urratu ez duen bideari hasiera eman dio filme horren bidez. Benetan ikusgarria.

Zine klubak

NOSFERATUK programatutako `Indarkeriaren belaunaldia`,  Iparramerikako zineko sailaren barruan, hilabete honetan film hauek ikusteko aukera izango dugu:

Urtarrilak 24, 20:15etan El hombre del oeste (1958). Zuz.: Anthony Mann. Mannek zuzendutako Western mitikoa. Gary Cooper aktorearekin.


Urtarrilak 31, 20:15etan: Baby Face Nelson (1957) Zuz.: Don Siegel. George Baby Face Nelson, 20ko hamarkadako Chicago hiriko gangster hiltzaile odolzale eta krudelenetakoa izan zen. Zine beltz klasikoa.


Otsailak 7. 20:15etan: Deadline USA (1952). Zuz.: Richard Brooks. Humphrey Bogartek New Yorkeko The day egunkariko erredaktore buruaren pertsonaia antzezten du. Komunikabideetako askatasunaren defentsaren aldeko filme zoragarria.


Otsailak 14, 20:15etan: Iparraldeko enperadorea (1973) (azpitituloak euskaraz) Zuz.: Robert Aldrich. Aldrichen klasikoa ikusteko aukera paregabea. Lee Marvin eta Ernest Borgine bata bestearen aurka trenean. Western atipikoa eta izugarria.

*Film guztiak Antzoki Zaharrean proiektatuko dira.

KRESALA ZINE ELKARTEAK programazio izugarria prestatu du urtarrila eta otsailerako. Filmeak Kutxako Aretoan  proiektatuko dira (Arrasate kalea, 12, Donostia) 19:30etan.


Urtarrilak 22: BUBBLE (2006). Zuz:. Steven Soderbergh. Sexo, mentiras y cintas de videoren zuzendariak filme txiki hau zuzendu zuen iaz. Estatu Batuetako gizartearen erretratu zorrotza. Ona.


Urtarrilak 29: NIRE ETSAI HOBERENA (2005). Zuz:. Alex Owen. Filmeak Txileko eta Argentinako ejerzitoen arteko tirabirak kontatzen dizkigu, 1978 urtean Patagonian. Owenek gerraren kontrako filme interesgarria aurkezten digu.


Azaroak 12: MIRARIA MILANEN (1950) . Zuz.: Vittorio de Sica. Neorrealismoaren klasikoa ikusteko aukera ezinhobea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!