HELDUEN Hezkuntza zentroak (EPAk) matrikulazio epea ireki du eta hilaren 30a bitartean izango da izena emateko epea, astelehenetik ostiralera, goizeko 10:00etatik 12:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara. HHIn denetariko klaseak daude aukeran, 18 urtetik gora behar dira, eta debalde dira. Zentroa Antziola 62an dago. 943 33 53 18 dute telefonoa.
Eskaintza zabala ikasketei berriro ere heltzeko
Helduen Hezkuntza Ikastetxean maila eta interes ezberdinetako klaseak daude: idazten eta irakurtzen ikasteko; matematika; Bigarren Hezkuntzako Graduatua lortzeko klaseak; komunikazio trebetasuna hobetzekoak; hizkuntzetan: euskera, ingelesa eta frantzesa; informatika; eta musikaren historia; besteak beste. 25 urte baino gehiago dituztenak unibertsitaterako sarrera froga prestatzeko klaseetan ere matrikulatu daitezke. Atzerritarrei gaztelania ere erakusten diete. Bestelako ikasketetan interesa izanez gero, gonbitea luzatu dute beraiekin harremanetan jartzeko.