Euskera erabiltzea sustatuko dute Buruntzaldeko enpresetan

Kronika - Erredakzioa 2007ko urt. 17a, 01:00

Hernanin bi enpresek dituzte euskera erabilera planak: Selak-ek eta Hator aseguruak. Buruntzaldean 7 dira guztira.

BURUNTZALDEKO enpresetan, euskeraren erabilpen planei laguntzeko konpromisoa berretsi egin dute Buruntzaldeko Udaletako Euskara Batzordeek eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak, Andoainen egindako agerraldian.

Diru laguntzak

Instituzioek diruz lagunduko dituzte erabilpen planak abian jartzen dituzten enpresak. Gaur egun Selak eta Hator aseguruak dira Hernanin plana martxan jarri dutenak, eta Buruntzaldean 7 enpresa dira. Txema Mercado Hernaniko Udaleko Euskera Batzordeko Buruak esan zuenez, 2007an beste 24 enpresa gonbidatuko dituzte ekimenean parte hartzera, helburu batekin: ´Euskera dakitenei euskeraz lan egiteko aukera ematea`. Horretarako, Emun kooperatibak ´lana eta euskera uztartzeko` sustapen zerbitzuak eskainiko ditu.

´Eskolak euskaldundutako jendea lan munduan erdalduntzen da`

Patxi Baztarrikak hartu zuen ondoren hitza eta adierazi zuen lan munduan euskeraren erabilpena ´hutsaren hurrengoa` dela eta ´eskolak euskaldundutakoa lan munduak erdalduntzen` duela ere bai. Hori konpontzeko, ´plan progresiboak, eraginkorrak` proposatu zituen, ´egoera hau ez baita goizetik gauera aldatuko` eta ´enpresak ez dutelako ezer galtzeko `.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!