Hernaniko txotx denboraldia hastear da eta, urtero bezala, sagardo berria dastatzearekin batera, hainbat ekitaldi izango da Hernaniko sagardogile, merkatari tabernari, eta Udalak antolatuta.
‘Sagarlasterra’, ‘sagardoaren graziya’...
Lehenengo ekitaldia, urtarrilaren 13ko performancea izan zen eta bigarrena izango da garrantzitsuena, txotx irekiera ekitaldia. Sagardo berriaren denboraldia urtarrilaren 28an inauguratuko dute Wazemank saioko 7 aktorek. Ekitaldia 12:00etan izango da, Gudarien plazan. Azaltzen diren herritarrek sagardo berria eta txorixoa dastatu ahal izango dute, giro onean. Hurrengo ekitaldia Sagarlasterra izango da, otsailaren 24an. Lasterketa herrikoi honek sagardotegi batzuk igaroko ditu eta Ave Marian bukatuko da. Martxoaren 4an sagardoaren eta sagarraren festa antolatuko du Chillida-Lekuk eta martxoaren 18an Tolare kofradiak sagardoaren kapitulua egingo du herriko kaleetan barrena beste herrietako kofradia gastronomikoekin. Apirilaren 21ean, Sagardoaren graziya kultur ekitaldian, Euskal Herri osoko bertsolari, abesbatza eta abeslariek ´sagardoaren bikaintasuna` omenduko dute. Ekitaldian kopla zaharrak ere kantatuko dituzte.
Sagardotegiak irekita
Hernaniko sagardotegi gehienak, ordea, irekita izango dira datorren astebururako. Batzuk dagoeneko irekita daude eta gutxi izango dira denboraldi hasiera ofizialera arte itxoingo dutenak kupelak irekitzeko.
‘Wazemank’ txotx denboraldiaren irekieran
ETB1-eko Wazemank saioko aktoreek emango diote hasiera Hernaniko txotx denboraldiari. Gudarien plazako kupeletatik 2007ko sagardo berria edango dute Anjel Alkain, Ainere Tolosa, Jon Iraola, Mikel Pagadizabal, Ana Elordi, Mikel Laskurain eta Egoitz Lasa aktoreek eta ondoren, herritarrek ere dastatu ahal izango dute, txorixoarekin batera. Txistulariek eta txarangak alaituko dute Plazako giroa eta aizkolariak ere izango dira. Aurtengo nobedadea ´soinu eta argi ikuskizuna` izango da.
Beste ekitaldiak
-Otsailak 24, ‘Sagarlasterra’ lasterketa herrikoia. Bukaera Ave Marian izango du.
-Martxoak 4, Chillida Lekuko festa. Sagardo eta sagarraren festa.
-Martxoak 18, sagardoaren kapitulua. Sagardoaren Tolare kofradia eta beste kofradia gastronomikoen kapitulua.
-Apirilak 21, ‘Sagardoaren graziya’. Bertsolariak, abesbatza, abeslariak eta kopla zaharrak.
Martinez de Irujo Astigarragan gaur
Astigarragan gaur irekiko dute txotx denboraldia eta Juan Martinez de Irujo hiru aldiz txapeldunak estreinatuko du sagardo berria, Bereziartua sagardotegian 13:45etan. Horren aurretik, sagarrondo bat aldatuko dute Sagardoetxean, 12:45etan. Arratsaldean sagardo berria dastatzeko aukera izango da herriko tabernetako barrikoteetan.