Inma Noblek asteartean egingo ditu 20 urte preso

Kronika - Erredakzioa 2007ko urt. 13a, 01:00

Inma Noble 1987 urteko urtarrilaren 16an atxilotu zuten. Askatasunak salatu du aspaldi bete dituela zigorraren 3/4ak.

Askatasuna erakundea Hernaniko preso politikoen egoera azaltzen ari da hamabost egunean behin eta Inma Nobleren berri eman du, Kronikara bidalitako ohar baten bidez. Inma Noble 1987 urteko urtarrilaren 16an atxilotu zuten Madrilen GEOSek (Grupo Especia de Operaciones), ETAko kidea izatea leporatuta. 10 egun komisaldegian pasa zituen eta bertan jasandako tortuturak salatu ditu Askatasunak. Gero Carabanchelen espetxeratu zuten. Askatasunak azaldu du garai hartan preso politiko gehienak Madril inguruan zeudela, ´Euskal Herritik urrun baina kolektibotasunean, espetxe gutxi batzuetan banatuta`.

Sakabanaketa
Noblek sakanabanaketa ondo ezagutu zuela azaldu du Askatasunak: ´1989an sakabanaketa politika martxan jarri zen, PNVren babesarekin, euskal presoak espainiar geografia osoan berreiatuz, hauen damua eta suntsiketa bilatzeko, xantaiaren bidean, beraiek zigortzea gutxi balitz senitarteko eta lagunak ere zigortuaz. Inma sakabanaketa sufritu duenaren adibide garbia dugu: Carabancheletik Badajozera, gero Cadizera, Tenerife, Sevilla, Cordoba, Melilla, Puerto de Santamaria, Algeciras..... Baina ez hori bakarrik, isolamendua ere ezagutarazi diote, bakarrik eduki baitute urte luzeetan zehar, egun guztia bere buruarekin bakardadean, inorekin hitz egin ezinda`. 20 urte espetxean Askatasunak jakitera eman duenez, datorren asteartean, egingo ditu Inma Noblek 20 urte preso eta azaldu du aspaldi bete zutela zigorraren hiru laurdenak: ´Espainiar justiziak, euskal preso politikoen kolektiboaren aurkako mendeku politika amaigabean, behin eta berriz egin ditu lege aldaketak, bizi osoko espetxealdia helburu duela, eta horren ondorio krudelak jasatea tokatu zaio Inmari ere`.

Inma eta Pakitori elkartasuna adierazteko kontzentrazioa
Urtarrileko azken ostiralean, hilaren 26an, presoen aldeko kontzentrazioa amaitu ondoren, Inma Noble eta Pakito (22 urte daramazki kartzelan) gogoratuko dituzte, gainerako presoen eskubideak aldarrikatzearekin batera. Askatasunak herritarrak gonbidatu ditu ekitaldian parte hartzera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!