Gaur ikusiko du argia Dobera euskara elkartearen Sortuz eta Sortuz diskoak. Lanak Hernaniko hiru talderen eta bakarlari baten hiruna abesti biltzen ditu: Ania, Orreaga 778, Afonia eta DJ Waterpartysenak, hain zuzen. Bihar bertan jarriko dute diskoa salgai, Lete eta Leokadisti liburudendetan, eta datorren astean herriko tabernetan ere izango da salgai. Larunbatean, Erre-ge egunean, Tilosetan egingo den aurkezpen kontzertuan ere izango da diskoa eskuratzeko aukera, salmenta postua jarriko baitu euskara elkarteak. Aurreneko tirada 500 alekoa da eta salmenta onak izanez gero, ale gehiago aterako dituzte.
Estilo ezberdinak
Doberako arduradunek nabarmendu dute diskoak estilo ezberdinak biltzen dituela. Ania bakarlariak gitarraren laguntzarekin kantatzen du; DJ Waterpartysek musika elektroniko kantuak sartu ditu, dantzarako aproposak; Orreaga 778k Oi! estilokoak; eta Afoniak punk musika. Diskoan sartutako kantuak azaroan grabatu eta nahastu dituzte Errenterian, Mikel El Gordo teknikariaren estudioan.
Larunbatean kontzertua
Tilosetan Diskoaren aurkezpen ofiziala larunbatean izango da, Tilosetan. Bertan kontzertua eskainiko dute Aniak, Orreaga 778k eta DJ Waterpartys-ek. Afonia ere iragarrita dago, baina taldeko baterijoleak, Bolbok, besoan min hartu du eta ezin izango dute jo. Kontzertua arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Aniaren emanaldiarekin. Ondoren Orreaga 778 igoko dira eszenatokira eta DJ Waterpartysek emango dio festari bukaera musika elektronikoarekin. Kontzertua Doberak antolatu du eta Udalaren laguntza jaso du.
Udaran abiatutako proiektua
Uztailean aurkeztu zuen Doberak proiektua jendeartera. Orduan, deialdia egin zieten Hernaniko talde edo bakarlariei diskoan parte hartzeko, Sortuz eta Sortuz ekimenaren barruan. Baldintzak bi ziren: lana euskeraz izatea eta talde edo bakarlariek diskoetxe batekin disko edo kontraturik ez izatea. Baldintzak betetzen zituztenek abuztuaren 31era arte zuten epea kantuak aurkezteko. Ekimenarekin lortu nahi dena honakoa da: batetik, herriko musikariei abestiak argitaratzeko aukera ematea, eta bestetik, gazteengan euskeraren erabilera sustatzea, diskoa gazteei zuzendua baitago, bereziki.
Hernanirekin lotutako 3garren lana
Dobera euskara elkarteak Hernanirekin zerikusia duten lanak atera ohi ditu, bi urtean behin, eta diskoa hirugarrena izango da. Lan horietako lehenengoa Aldaba Joka: XX. mendeko ahozko historia txikia (2002) liburu eta DVDa izan zen, Urko Apaolazak egindakoa. Bigarrena, Hernaniko gazteen bizierak: 70garren hamarkadan eta gaur egun (2004) ikerketa txostena izan zen; Ataritik antropologia taldearena.