KANTUZ abesbatzak gaur Gabonetako kontzertua izango du. Urtero gonbidatzen du talderen bat kontzertu honetara eta aurten Hernasax, Musika Eskola Publikoko saxofoi taldeari egokitu zaio kontzertu berezi honetan parte hartzea. Kontzertua arratsaldeko 20:00etan izango da, Milagrosan.
Gabon kantak eta elizako musika
Abesbatzako zuzendaria den Amaia Sasiainek azaldutakoaren arabera, kontzertuan elizako musika eta Gabonetako kantak entzun ahal izango dira: ´abesbatzak Gabonetako kantuak eta elizako abestiak kantatuko ditu hasieran. Hernasax taldeak Gabonetako kantu batzuk joko ditu gero. Kontzertu amaieran abesbatzak eta saxofoi taldeak Gabonetako kantuak elkarrekin interpretatuko ditugu`. Gabonen bueltan urtero egiten du Kantuz abesbatzak kontzertu hau eta oso berezia izaten dela azpimarratu du zuzendariak: ´oso berezia izaten da Gabonetako kontzertu hau, batez ere guretzat. Jende dexente hurbiltzen da eta guk entsaiatzen dugun lekuan (Milagrosan) izateak badu bere xarma`.