Bihar hasiko da autobusetan txartel bakarra erabiltzeko froga, Donostia eta Hernani arteko autobusetan eta herri barruko autobusetan. Frogak bi hilabete iraungo ditu, eta emaitzak aztertu ondoren, hurrengo urratsa izango da sistema Gipuzkoako autobus zerbitzu osora zabaltzea. Frogarekin hasi ahal izateko, egun hauetan 1.000 txartel banatuko dira autobus gorriak eta autobus urdinak pasatzen diren herrietako auzo elkarteetan. Frogan zehar izan daitezkeen arazoak jakinarazteko deia egin die Udalak herritarrei, Udaletxean dauden orrien bidez edota www.hernani.net helbidearen bidez.
Txartela nola erabili
Bidaiariek autobus sarreran egongo den sensoretik pasa beharko dute txartela, bai autobusera igotzean, baita jaistean ere. Txartela pasatzerakoan, sensoreak bidaiaria ezagutuko du eta egin dituen bidaien araberako deskontuak aplikatu eta kobratu egingo dio. Txartelak pertsonalizatutakoak dira eta gutxi barru jarriko dira salgai kioskotan eta prentsa saltzen duten beste dendetan. Txartela eskuratzeko, eskari orria bete eta 4 euro eta argazki bat eraman behar dira. Eskatzaileak bi edo hiru egunen bueltan jasoko du txartela eskatutako lekuan. Hortik aurrera erabiltzaileak txartela kargatu egin beharko du, puntu horietan. Geltokietan pantailak Bestalde, bihar jarriko dituzte, baita ere, autobusa geltokira noiz iritsiko den jakinarazten duten pantailak. Autobusa non dagoen eta atzerapena edo bestelako gertaeraren bat izango balitz ere pantailan agertuko litzateke. Pantailak, Atsegindegiko eta Urbieta kaleko autobus geltokietan izango dira.
Trasbordoak
Andoni Amonarraiz, Zerbitzu Publikoetako Zinegotziak azaldu du, autobusen ibilbidea aldatu egin daitekeela, Antziolako bizilagunek eskatuta. Autobus enpresa eta Diputazioarekin negoziatzen ari dira aldaketa hori. Zinegotziak azaldu du, oraindik ere baloratu egin behar dutela iritsi nahi den lekura iristeko Garayarreko bi autobus erabili behar dituztenentzat, trasbordoak izango diren edo ez. Horrela egitea erabakiko balitz bidai bakarra ordaindu beharko litzateke.
Deskontuak
Txartel bakarrarekin gero eta bidaia gehiago egin, orduan eta deskontu haundiagoa izango da. Deskontuak hilabete baterako balio dute, hilabete berriarekin 0tik hasiko da.
Adibidez, Donostira joateak 1,05 euro balioko du aurreneko 10 bidaietan. 11garren bidaitik 25garrenera 0,89 euro balioko ditu. 26garren bidaitik 50garrenera, 0,68 euro; 51garrenetik 75garren bidaira, 0,35euro eta; 76garren bidaitik aurrera, bidaiak 0,105 euro balioko ditu.