BERTSO lataren barruan gaur, Esperimentazioa 01, hotsa eta ahotsa saio esperimentala izango da Judith Montero saxojolea eta Maialen Lujanbio bertsolariaren eskutik. Saioan, itxura batean oso ezberdinak diren bi munduk egingo dute bat: saxoa eta musika garaikideak, batetik; eta bestetik, tradizioari lotuta dagoen bertsolaritzak. Bi munduak oso ezberdinak eta batera ezinak diruditen arren, Maialen Lujanbiok eta Judith Monterok aurkitu dute elkarren ondoan, batak besteari itzalik egin gabe, gustora eta elkarrizketan aritzeko lekua. Saioa gaur arratsaldeko 20:00etan izango da, Milagrosan.
´Ez da bertso musikatu saio bat`
Maialen Lujanbiok azaldutakoaren arabera, emanaldira hurbiltzen den ikusleak ez du bertso musikatu saio bat aurkituko, ezta inprobisazioa ere: ´Emanaldia ez da ez bertso musikatu saio bat izango, ez eta musikak bertsoari laguntzen dion saio bat ere. Emanaldia hasieratik prestatu dugu elkarrekin eta musika eta bertsoa ez dira bata bestearen osagarri hutsak. Hau da, kasu askotan, batak bestearen kreazio prozesua erabili dugu norberaren jardueran. Hori da saio honen berezitasuna`. Bide honetan, aipatu du bertsoei dagokienean, hitzaz besteko elementu espresiboei indarra ematen saiatu dela: ´bertsoaren egitura plastikoa eta honekin ze efektu sortu daitekeen, esaterako` azaldu du Lujanbiok.
´Saxoa anplifikadorea`
Judith Monterok saio honetan saxoaren egitekoa azaldu du, ´saxoa hotsa eta ahotsaren anplifikadorea izango da. Saxoaren zeregina ez da da melodia izango, funtzio hori gehiago izango da bertsoarena. Saxoarekin atmosferak sortuko ditut, soinu paisajeak`.
´Emanaldi pertsonala`
Saioa oso pertsonala dela ere aipatu dute Judith eta Maialenek, ´ez da enkarguz egindako saio bat, ez dugu beste norbaitek konposatutako pieza bat interpretatu behar, ez digu inork gairik jarri, hutsetik guk nahi bezala sortu dugu emanaldia eta lujo bat da guretzako` aipatu dute.
Bertso jaialdirako txartelak salgai
Bertso jaialdia izango da datorren larunbatean, 22:30etan Biterin. Txartelak salgai egongo dira gaur arratsaldetik aurrera, Kitto, Aralar, Oinddi eta Tripontzin, 5 eurotan