«Udalari gazteen parte hartzea bultzatzeko mekanismoak abiaraztea proposatu diogu»

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 24a, 01:00

Udalarekin bildu ostean zer ondorio atera ditu Gazte Asanbladak?
Bileran bakoitzak bere ikuspegiak azaldu ditu. Udalak lokalean Gazte Txokoa jartzeko daukan aurreproiektua esplikatu digu eta guk gurea, Gaztetxearena azaldu diogu. Egin diogun lehendabiziko proposamena zera izan da: momentuz Gazte Txokoarena aurreproiektua denez, bertan behera utzi eta gazteen eta Udalaren artean leku horretarako proiektu berri bat sortzea.

Zein izan da Udalaren erantzuna?
Proiektu hori onartu behar dutela eta aurrera ateratzeko prest daudela. Ezin dutela orain bertan behera utzi eta beste proiektu batetaz hitz egin dezakegula.

Zein da Udala eta Gazte Asanbladaren artean dagoen desadostasun nagusiena?
Gure ustez arazo nagusia Udalak herriko gazteei kontsultatu gabe proiektua aurrera eraman izana da. Beraiek esaten dutenez proiektu hori Gazte Txokoa da eta horko arduradunekin hitz egin dute, baina ez dute gazteekin hitz egin. Hor dago lehendabiziko talka inportantea: guk badugula proiektu bat leku horretarako baina inork ez digula ezer galdetu. Horrek beste arazoak ekartzen ditu momentu honetan: gu bertan argi gabe gaude, ura sartzen da, ingurua obretan dago... Gure ustez leku horrek argindarra eduki beharko luke, baina Udala ez dago prest horretarako, gu hor egotearekin ados ez dagoelako.

Obretan egonda arriskutsua izan daitekeela dio Udalak...
Gu jabetzen gara horretaz. Horregatik konpromiso batzuk aurkeztu nahi izan dizkiogu Udalari, adibidez, langileak obran dauden bitartean inor ez dela egongo Gaztetxean, segurtasunagatik. Bide batez, obrako arduradunarekin hitz egin dugu, eta konpromiso bera eman diegu. Dena dela, Udalak ez ditu konpromiso horiek onartzen, ez duelako zilegitzat jotzen gu bertan egotea.

Hala ere harremana zabalik dago Gazte Asanblada eta Udalaren artean. Aurrera begira hitz egiten jarraitzeko asmoa dago?
Bai, noski. Baina azpimarratu behar da harreman hori martxan jarri duena Gazte Asanblada izan dela. Hor dago, adibidez, Gazte Txabolaren kontua: Udalak inolako argibiderik eman gabe bota zuen. Bertan aukera aproposa zuten herriko gazteekin elkartu eta hori zergatik egin zuten esplikatzeko. Ez zuten horren inguruan eztabaidatu nahi izan. Orain ere, lokal hori okupatu ondoren gu izan gara Udalarekin hitz egiten hasi garenak. Gazte Txokoa 18 urtekoentzat ere prestatzeko ideia dago. Zer iruditzen zaio hori Gazte Asanbladari? Berriz ere mugak jartzen ari dira, 11 urtetik 18ra bitartean. Hori ez dator bat guk gazte izatearen inguruan dugun definizioarekin. Guretzako gazteak adin horietatik aurrerakoak ere badira eta horiei ez zaie irtenbiderik ematen.

Adostasunera iristeko modurik ikusten duzue?
Gazte Asanbladak Udala eta gazteen arteko mekanismo parte-hartzaileak bultzatzea proposatu du. Guztion artean erabakitzea zer egin dezakegun hor. Beraiek esan digutenez Udalean zinegotzi asko daude, eta guztiek ez lukete ontzat emango mekanismo parte-hartzaileak martxan jartzea. Dirudienez Udaleko zinegotzi batzuek pentsatzen dute ez dagoela behar hori eta beraiek erabaki dezaketela gazteek zer behar duten.

Eztabaida horiek aurrera jarraitzen duten bitartean lokalean jarraitzen duzue ezta?
Bai, guk ez daukagu inolako arazorik eztabaidatzen jarraitzeko eta hitz egiteko, baina bitarte horretan leku horri bizia emateko prest ere bagaude eta hori argi utzi nahi izan dugu bileran. Hemendik aurrera Gaztetxean jarduerak antolatzen hasiko gara datozen egunetan: Gaztetxearen inaugurazioa, eguberrietako kontsumismoari aurre egiteko truke azoka, urteberri eguneko txokolatada, tailerrak, hitzaldiak...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!