«Arduragabekeria izango litzateke gazteak arriskuan jarriko lituzkeen edozein akordiotara ailegatzea»

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 24a, 01:00

Gazte Asanbladak Udal Jangela okupatu zuen joan den larunbatean, Kontrakantxa Gaztetxea sortzeko. Astebete joan da eta ostiralean Txema Mercado zinegotziarekin bildu ziren gazteak egoeraz hitz egiteko. KRONIKAK Udaleko eta Gazte Asanbladako ordezkariak elkarrizketatu ditu bileraren ondoren, atera dituzten ondorioak eta sortu diren desadostasunak ezagutzeko.

Zein dira Gaztetxearen inguruan Gazte Asanblada eta Udalaren artean dauden desadostasun nagusiak?
Hauek aukeratu egin dute Gaztetxea jartzeko lokal bat, haien ustez hutsik dagoelako, eta egia da hutsik dagoela, baina horrek ez du esan nahi hori abandonatuta dagoenik edo planik ez zegoenik. Iaz, 2006ko presupuestoetan partida bat jarri genuen Gazte Txokoa hara eramateko. Guk buruan eduki dugu hori gazteak egoteko lekua izatea. Gazte Txokokoekin hitz egin eta adostasun batera ailegatu gara horretarako. Gazte Asanblada eta gure artean ez da elkarrizketarik izan eta han sartu direnean ez zekiten zer asmo edo proiektu zeuden martxan. Hauek soilik ikusi dute hutsik zegoela.

Gazte Txokoa lekuz aldatzeko obrak egin behar dira. Noizko egongo dira bukatuta?
Orain kontratazio mahaira joango da. Nik espero dut urtarrilaren bukaeran agian konbokatoria aterako dela eta orduan emango ditu, ez dakit, bi hilabete edo, eta gero adjudikatzea. Gero obra azkar egingo da baina hasierako prozesua luzea da. Guk prespuestoa egina dugu, baita arkitektoaren kontratazioa eta proiektua ere eta dagoeneko kontratazio mahaira eraman dugu. Aurrera eraman behar dugu prozesua.

Gazte Asanbladarekin bildu eta gero bien arteko adostasuna lortzea posible ikusten duzu?
Gutxienez banatzen gaituena ikusi dugu. Kontuan edukita Gaztetxearen beharra oso eskaera logikoa dela eta hauek aukerarik ez daukatela lokal bat lortzeko, beren aukera bakarra lokal munizipala da, eta horretarako Udalak lokal bat uzteko adostasun batera ailegatu beharko luke Gazte Asanbladarekin. Tartean, ordea, eta hau argi ikusten da, mesfidantza dago bi parteen aldetik. Hortaz, hori da elkarrizketa emankorra lortu nahi badugu, gainditu behar duguna. Hori da nire ustez zailena, hemen konbentzitzea beste aldean daukagun kolektiboa arau batzuk adosteko eta hori aurrera eramateko prest dagoela. Lokalaren arazoa ez litzateke hain haundia izango. Beste gauza batzuk egin izan ditugu beharrezkoa izan denean.

Hitz egiten jarraitzeko asmoa duzue?
Bai, baina hauentzat ez dut uste hitz egitea nahikoa izango denik. Ez dute hitz egin nahi hitz egiteagatik, hauek zerbait lortu nahi dute. Eta hori da nik aldez aurretik aurreztu diedana. Hemen hitz egitea obra hau ondo dagoela edo hobetu daitekeela... Hauek aipatzen zuten proiektuan parte hartu nahi zutela eta ez zaiela kontsultatu. Bai, egia da ez diegula kontsultatu, baina Gazte Txokoko monitoreei bai eta nik uste dut Gazte Txokoko monitoreek beren lana aurrera eramateko horko gazteekin ere hitz egin dutela.

Gazte Txokoak, okupatu berri duten lokalera pasata, nola funtzionatuko luke?
Gazte Txokoak orain daukanaren antzeko funtzionamentua izango luke. Baina hemen ezberdintasun bat dago. Gazte Txokoaren aldetik proposamen bat jaso dugu eskaintza zabaltzeko. Orain arte 11 urtetik 16ra bitarteko eskaintza egin dute, eta 16 urterekin gazteak kanpoan geratzen ziren ezer gabe. Horregatik sortu da, beste gauzen artean, oraingo protesta hau. Gazte Txokotik proposatu digute 16tik 18ra zabaltzea, bi talde desberdin egitea. Oraindik ez dute hori dena zehaztu, baina hori da daukaten asmoa. Egia esan orain arte hiru izan dira monitoreak, bat joan egin da eta beste bi kontratatu dituzte. Asmoa, argi dago, nondik nora doan. Bi talde aurrera eraman nahi dituzte. Gazte hauek leporatzen digute 16 urtera arteko ardura hartzen dugula soilik, eta ez da horrela. Horrek ez du kentzen, arrazoi osoa dutela, 18 urtetik gora ez dagoela ezer haien beharretarako, baina ez gara hain motz geratzen. Aurrera joateko zerbait egiten dugu.

Udal Jangela zaharrean proiekturik egongo ez balitz Gaztetxea hor egoten utziko zenukete?
Kasu horretan, eta behin okupazioa gertatuko balitz, nik herriari eta bereziki gurasoei esango niekeena zera da: `Konturatzen zarete zuen seme alabak obra baten barruan sartzen ari direla?`. Niri iruditzen zait Udalaren partetik arduragabekeria izango litzatekela gazte hauek arriskuan jartzen dituen edozein akordiotara ailegatzea. Hau, esaten dizut, lokala libre egongo balitz eta proiekturik gabe, inguruko obrak irauten duten bitartean. Niretzat hori da puntu bat oso inportantea. Gazteek gauzak beste modu batera egitea planteatu dute: langileak ez daudenean egotea. Hori frikzio puntua dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!