Dobera euskara elkarteak web gune berria dauka joan den asteaz geroztik, www.dobera.com. Orria The Movie S.L. enpresak garatu du eta hainbat berrikuntza dakartza. Doberak 2 helburu bete nahi ditu gunearekin: elkartea herritarrengana zabaltzea eta, barrura begira, bazkideen arteko lotura indartzea. Doberako arduradunen esanetan, web gunea ´oso dinamikoa` da eta elkartearen egitasmoen berri emateaz gain (Hala bazan, Gure Artean Euskaraz, Jolas eta Solas, Hamaika Batuaz, itzulpen zerbitzua, irteerak...) , herriko informazio eguneratua emango du.
Foroa eta bloga
Herritarren parte hartzea bultzatze aldera, foroa izango du atariak. Iritziak, elkarrizketak eta abar biltzeko aukera emango du atal horrek. Bloga ere izango du web gune be-rriak, herriko talde guztiek bere txokoa izateko. Edozeinek sortu ahal izango du bloga eta bertan, nahi duenari buruz idatzi dezake, euskeraz idazten bada, beti ere. Era berean, Hernaniko beste web atariekin loturak ere izango ditu.
Bazkideen txokoa eta kexak bideratzeko gunea
Bazkideen txokoa ere sartu du Doberak web berrian, eta horren bidez, bazkideek sarrera izango dute elkarteko aktetara. 2007an, berriz, kexak bideratzeko gunea estreinatuko du web orriak. Herritarrek, hizkuntza eskubidea urratuta ikusiz gero, atal horretara jo dezakete kexa jartzeko. Doberak kexa Behatokira bideratuko du eta jarraipena egingo dio.