Joxan Rekondo alkateak 2007ko aurrekontu proiektua aurkeztu du eta kopuru osoari dagokionean, ez du 2006kotik aldaketa haundirik. 24.844.736 euroko aurrekontua aurkeztu du, aurtengoa baino 43.335 euro txikiagoa. Gastu orokorrak igoko dira gehien, %11,51 aurtengo aurrekontutik. Gehien jaitsiko direnak berriz, inbertsioak izango dira, aurten baino 1.262.838 euro gutxiago aurreikusten baitira inbertsioetarako. Sarrerei dagokienean, ohizko sarrerak 1.699.038 euro igotzea aurreikusten da, 2006an baino %8,8 gehiago. Ohizko gastuak gutxitzearen beharra azpimarratzen du memoriak baina, ´zerbitzu berriek eta lehengoak hobetzeak konpromiso haundiagoa ere eskatzen dutela` nabarmentzen du. Aurrekontuaren memorian Alkatetzak azaldu du, sarrera orokorrak gastu orokorraren gainetik egongo direla 2007an ere, eta horrek inbertsioetako gastuak finantziatzeko dirua emango diola Udalari.
Inbertsioak, behar sozialak asetu eta bizi kalitatea hobetzeko
Datorren urterako ´inbertsioetako gastuak aurreikusten dira behar sozialak konpontzeko eta hernaniarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetuko duten azpiegitura eta ekipamenduak egiteko` memoriak azpimarratzen duenez. Urbanizazioak konpontzeko kopuru haundia biltzen dute inbertsioek eta horien barruan daude: Gudarien plazari zorua aldatzea, Ereñotzu auzoko zati bat berrurbanizatzea; Etxeberriko berrurbanizazioaren lehenengo fasea; eta La Cumbreko berrurbanizatzearen 2garren fasea. Horrez gain, beste zenbait inbertsio ere biltzen ditu aurrekontuak: l Ave Maria Parkea konpontzeko lanak hasiko dira, etorkizuneko SagardoGunea izango den lekua. l Latxe-Izeneder bidea berrituko da. l Santa Barbarako gotorlekua berreskuratu eta musealizatzeko lanak hasiko dira. l Administrazioa modernizatzen 100.000 euro inbertituko dira. l Ertzainen aurreko rotonda eta Anbulatorioa bidegorriz elkartzeko asmoa du Udalak
Irizpidea, alor bakoitzeko programak biltzea
2007ko Udal aurrekontuaren memoriak biltzen duenez, proiektua osatzeko, alor edo area bakoitzeko arduradun delegatuek aurkeztutako programak hartu dituzte kontutan.