«Hernanin aspalditik egin da txakolina, gure arbasoen ohiturak ez luke galdu behar»

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 23a, 01:00

Jose Mari Garin eta Ion Ander Leñena ATXAGI elkarteko kideak dira; Garin, elkarteko idazkaria eta Leñena, nekazal injeniaria. Biak hernaniarrak dira eta txakolina egin eta merkaturatzeko interesa daukate. Horren alde egiten du ATXAGIk. Gipuzkoan, Getaria izendapen ofizialetik kanpo, txakolina ezin egin izana salatzen dute eta Diputazioari pausuak eskatzen dizkiote egoerari irtenbidea emateko.

Jose Mari Garin eta Ion Ander Leñena ATXAGI elkarteko kideak dira; Jose Mari, elkarteko idazkaria da eta Ion Ander nekazal injeniaria. ATXAGIk Gipuzkoako txakolia izendapenaren aldeko apustua egin du, Gipuzkoa osoko baserritarrak beren mahastietako fruituarekin egindako ardoa txakolin bezala ekoiztu eta merkaturatzeko. Jose Marik badu esperientzia txakolingintzan, Garin Txakolina merkaturatzen baitu, 753/2002 errejistroa aurrekoa baita. ´Gure familian Getariako txakolina izendapena sortu baino lehen dagoeneko horretan aritzen ginen, hortaz, baimena daukagu` dio Jose Marik.

´txakolin hitza ezin du inork akaparatu`

Gaur egun txakolina egiten hasi nahi duenarentzat, berriz, kontua oso bestelakoa da: ´Jatorri izendapena dutenek (Getaria, Bizkaia, Araba) bakarrik erabili dezakete txakolin hitza. Besteek txakolina ardo zuri bezala merkaturatu behar dute, horrek dakarren galerarekin`. Galdetu diegu zein ote den horren zergatia, eta zalantzarik gabe erantzun dute: ´1989an Iñaki Txueka Aldundiko nekazaritza diputatua zen eta Getariako txakolina sortu zuen, arrakasta haundiarekin. Hortaz, izendapen horretatik kanpora dauden ekoizleek ezin dute txakolin hitza erabili, ekoizpena mugatuta dagoelako. Esan daiteke Txuekak txakolin hitza akaparatu zuela` dio ATXAGIko idazkariak.

´Merkatua badago`

Gaur egun mahatsa landu nahi duenarentzat, ATXAGIko kideentzat kasu, zaila da mundu horretan sartzea. Europak mugatuta dauka mahats ekoizpe-naren kopurua 2013era arte, eta mahastiak izan nahi dituenak, dagoeneko landatuta dituen norbaiti erosi beharko dizkio. ´Guk hori aldatzea eskatzen diogu Diputazioari, beste herrialdeetatik transferrak erosi eta Gipuzkoan banatzeko. Europan ekoizpena jaisten ari da eta aukera legoke horretarako. Bizkaian, esaterako, lurraldearen %100a erabiltzen dute txakolina egiteko`. Mahasti gehiago hartzea txakolinarentzako oso onuragarria izango litzatekeela dio Leñenak: ´Merkatua badago. Getariako txakolinak ez du asetzen jendearen beharra eta bolumen haundiagoa behar da, esaterako, Madril eta Parisera bideratzeko`.

´Historikoki egin izan da txakolina Gipuzkoa osoan`

Jose Mari Garinek onartzen du Getariako txakolinak izugarrizko bultzada eman diola produktuari: ´txakolina ardo gaztea da (hiru hilabete inguru irauten du prozesuak) eta 6 eurora saltzea lortu zuten merkatuan`. Hala ere, uste du gestio onak ez duela justifikatzen produktua akaparatzea. ´Gipuzkoako ekoizleek ere eskubidea dute txakolina egiteko. Mendeetan zehar Gipuzkoa osoan egin izan da txakolina eta gure arbasoen ohiturak ez luke galdu behar`. Hori ageri da Diputazioak argitaratutako Ardoa Gipuzkoan liburuan. Garinek dio liburu hori ´bahitu` egin zutela ´norbaiti ez zitzaiolako egi hori komeni. Liburua ostalaritzan banatzeko argitaratu zen eta azkenean ez zen banatu`. Hala ere, liburuak salgai daude Diputazioko dendan. Azkenik dio, Diputazioak legea aldatuko balu, Gipuzkoako txakolina ´ahanztura historikotik` aterako lukeela.

Hernani eta txakolina, aspaldiko lotura

Jose Mari Garinen esanetan, aspalditik egin izan da txakolina Hernanin. Aurreko mendeetan Gipuzkoa osoan landatzen zen mahatsa, eta ez bakarrik kostaldean. ´Tradizio historikoa XVI. mendetik datorkigu, gutxienez, eta pena litzateke hori galtzea`. Hernaniko mahats ekoizpena baieztatzen dute Sagrario Arrizabalaga eta Lourdesek Odriozolak egindakoArdoa Gipuzkoan liburutik ateratako pasarte hauek:

- ´Hernanin ere arau bereziak zeuden txakurrentzat. 1542ko ordenantzek ezarri zutenez, baldin eta animalia horiek eragindako kalteak mahatsa heltzeko garaia hurbiltzen ari zela gertatzen baziren, zilarrezko 2 errealeko isuna ezarriko zen...`

-´Hernanin, 1542az geroztik, delitu berari (mahatsondo hostoak ebastea) ezarritako zigorra zen urrezko florin bat gehi zilarrezko erreal erdi bat mahats mordo bakoitzeko.`

-´Txakolina XIX. mendean... Barrualdeko zenbait herritan (hala nola, Gabirian, Hernanin, Orendainen, Oiartzunen eta Zaldibian) ardo kopuru batzuk ekoizten zituzten parraletan...`

-´Urte hartan (1909an) Hernanin antolatutako lehiaketan parte hartu ahal izateko ezinbesteko baldintza zen gutxienez hiru botilatako laginak aurkeztea. Kasu horretan, gainera, sari berria ezarri zen mahatsik onenentzat lehiaketako lehen mailan, baratzezaintzakoan, alegia, fruta freskoen atalean; txakolina, berriz, bosgarren mailan zegoen...`

ATXAGI, Gipuzkoa osoan txakolina berreskuratzearen alde

ATXAGI 2005eko abenduaren 19an jaio zen tradiziozko laborantzak berreskuratu eta garatzeko asmoz, mahatsa kasu.Elkarteak txakolina ekoizten hasi nahi du, txakolin hitza erabilita. Horretarako, Gipuzkoako txakolina izendapena sortzea eskatzen dute. ATXAGI (Asociacion de agricultores para la creacion de la denominacion de origen Txakoli de Gipuzkoa) elkartea 21 bazkidek osatzen dute eta Gipuzkoako txakolina izendapena (edo Euskadiko txakolinaren barruan Gipuzkoako subzona) sortzea eskatzen du, Getariako txakolina izendapenetik kanpoko mahatsgile gipuzkoarrak txakolina egin eta merkaturatu ahal izan dezaten. Gaur egun bi arazo daude edozeinek txakolina egin eta merkaturatzea eragozten dutenak: bat; (mahastiak izanez gero) egindako ardoa ezin dela txakolin hitzarekin izendatu, eta bi; mahastiak eduki ezean, ezin direla mahasti gehiago landatu Europako mahasti kupoa beteta dagoelako. Izendapena sortzearekin batera, ATXAGIk eskatzen dio euskal administrazioei Europako beste lurralde batzuetatik mahastiak ekarri eta adjudikatzeko, ´eskaria badago-eta`.

´Gipuzkoan mahats landaketa zabaltzea egokia litzateke`

ATXAGIk dio Diputazioak sustatutako informe batek Gipuzkoan mahats landaketa zabaltzea egokia dela justifikatzen duela, arrazoi hauek emanda: 1) Gipuzkoako herri askotan mahats landaketa historikoak daude. 2) Klima aldaketak mahatsaren berlandaketa lagunduko luke. 3) Errentagarritasun altua Kantauri kostaldeko beste tradiziozko landaketekin alderatuta, EAEn, Burgosen, Kantabrian edo Nafarroan landaketak ahalbidetzen dituena. 4) Getariako txakolinak ez du betetzen dagoen eskari haundia.

Diputazioak aldeko joera

ATXAGI hasi da urratsak ematen eta 2006ko otsailean Gipuzkoako nekazaritza diputatuari bere asmoen berri eman zioten. Rafael Uribarren diputatuak ´oso errespetagaritzat` jo zuen elkartearen nahia eta beraiek ere ´nahi berberak` dituztela adierazi zuen. 2006ko azaroaren 17an, elkartea prentsaurrean aurkeztu zen, Donostian. Bertan, onartu zuen Getariako txakolinak ´edaria berpizteko egindako lana` eta ez dutela baztertzen au-rrerantzean beraiekin akordioa batetara iristea, nahiz eta ez diren oraindik harremanetan jarri. 2006ko Azaroan, PSE-EEk eta Aralarrek eskatu dute parlamentuan Euska-diko txakolina sortzea. PSE-EEk hiru subzona proposatu zituen (Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba) eta Aralarrek lau (PSE-EEk eskatutakoak eta Getaria).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!