Sahararako beharrezko gaiak biltzen ariko dira gaur denda eta supermerkatuetan

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 23a, 01:00

Arroza, lentejak, azukrea, konpresak eta atuna bilduko dituzte.

Sahararen aldeko III. Euskal Karabana osatzeko, herriko denda eta supermerkatuetan beharrezko gaiak biltzen ariko dira gaur Sahararen aldeko lan taldea eta Udalak antolatuta. Arroza, lentejak, azukrea, konpresak eta atuna oliotan bilduko dituzte, Saharako errefuxiatu kanpamenduetara bidaltzeko. Horrez gain, laguntza ere eskatu dute gai guzti hauek biltzeko eta prest dagoen jendea goizeko 09:30etan zitatu dute Plaza Berrin. Azken urteetan, Hernanin 3.000-4.000 kilo beharrezko gai bildu izan dira Saharara bidaltzeko eta antolatzaileek kopuru horretatik gora biltzeko helburua dute aurten. Aurreko astean, ikastetxeetan aritu dira beharrezko gaiak biltzen eta enpresei ere eskatu diete laguntza.

Behar gorria

Kanpainaren antolatzaileek jakitera eman dutenez, Maroko geroz eta presio haundiagoa ari da egiten Saharako herritarrengan, eta giza laguntza eta elikagai eskasi izugarria daukate errefuxiatu kanpamentuetan. Euskal Herritik jasotzen dutena da lehenengo laguntza eta ekainera arte ez dute besterik jasoko. Horregatik du garrantzia haundia ahalik eta gehien biltzeak, antolatzaileen hitzetan.

Dirua ere behar

Sahararen aldeko III. Euskal Karabana honetarako dirua ere ari dira biltzen oinarrizko gaiaz gain. Batez ere, bigarren eskuko kamioi bat erosi eta janaria garraiatzeko behar da dirua, eta kamioi hori Saharan uzteko asmoa da. Dirua eman nahi duenarentzat kontu korronte bat utzi dute: Euskadiko Kutxa: 3035 0080 94 080005417 7.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!