Udalak dio bere egingo dituela Donostiako bigarren ingurubideari baserritarrek jarritako alegazioak

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 23a, 01:00

´Ezinbesteko obra` dela uste du Udalak baina, ´baserriei egingo dizkien kalteak ahalik eta txikienak` izatea nahi duela nabarmendu du.

Hernaniko Udalak bere egingo ditu Donostiako bigarren ingurubideari (zinturoia) baserritarrek jarritako alegazioak, atzo arratsaldean bertan Kronikara bidalitako prentsa oharrean azaldu dutenez. Hirigintza Batzordea bildu zen atzo Udaletxean eta Iñaki Arratibel batzorde buruak, Diputazioaren proiektuari aurkezteko alegazioaren berri eman zuen bertan, oharrean nabarmendu duenez. Bere hitzetan, alegazio honek ´ibilbideak afektatutako baserritar gehienek aurkeztutako alegazioak biltzen ditu`. Alegazio gehienak ingurubidearen paralelo dijoazen edo ingurubidea zeharkatu behar duten bide publikoei dagozkie, Udal arduradunaren hitzetan, eta baserritarrei egingo zaien kaltea ahalik eta txikiena izatea bilatzen dute. Diputazioari eskatzen zaion beste gauza bat da, euri urak bideratzerakoan kontu izateko, eta aurrez azterketa bat egiteko.

´Ezinbesteko obra da`

Hirigintza zinegotziaren hitzetan, Donostiako bigarren ingurubidea ´ezinbesteko obra da Gipuzkoa zeharkatzen duen trafikoa bideratzeko, baina horrelako obra batek kalte haundiak eragin litzake eta ahalik eta txikiena izatea nahi dugu baserriengan izango duen eragina`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!