Agustinetan hotela egin beharrean etxebizitzak egiteko proiektua egin zuen Udalak, hotela hartzeko interesaturik ez zegoela-eta. Egitasmoa atzera bota du Diputazioak eta atzoko plenoan gaiari buruzko zenbait puntu onartu ziren. Batetik, Udalak Diputazioari eskatuko dio prozedura gelditzeko. Horrekin batera zenbait aldaketa eta azalpen biltzen dituen txostena aurkeztuko du Udalak Diputazioan, atzoko plenoak aho batez onartu zuenez. Iñaki Arratibel Hirigintza zinegotziaren hitzetan, pentsatzen dute Diputazioak onartuko duela eskaria eta Agustinetan hotelaren ordez etxeak egiteko egitasmoa.
Beste hainbat puntu
Beste zenbait puntu ere onartu zituen 2006ko azken plenoak, besteak beste, Elkarbizitza eta bide publikoaren erabilera eta garbiketa arautuko duen ordenantza.
Etxerateko kideek agiri bana eman zieten PSE-EEko zinegotziei
Etxerat elkarteko zenbait kide plenoan izan ziren atzo goizean eta PSE-EEko zinegotziei idatzi bana eman zieten eskura. Idatziak dio: ´zure alderdiak, gu eta gure senide eta lagun euskal preso politikoak hil eta zauritu egiten dituen espetxe politika du indarrean`. Etxeratek hiru eskaera nagusi egiten ditu idatzian: bata, sakabanaketa politika bukatu eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboa Euskal Herrian batzea; bestea, gaixotasun larriak dituzten presoak lehenbailehen askatzea; eta azkenik, kondena betea duten 135 presoak askatzea.