DAtozen udal hauteskundeen atarian gauzak mugitzen hasiak dira eta Hernanin PSE-EE izan da lehenengoa zerrenda burua aurkezten. José Ramón Chica Ramírez izango da Hernaniko Udalerako alderdi sozialistaren zerrenda burua. 37 urteko hernaniarrak 16 urte badaramazki zinegotzi karguan Hernaniko Udaletxean eta 1991-1995ean Kirol Patronatuko buru ere izan zen. Gaur egun, zinegotzia izateaz gain, Udaleko alderdi sozialistako bozeramaile da eta PSE-EEko Gipuzkoako Batzordeko kidea, 1995az gero. Honenbestez, zazpi legegintzalditik bostean Hernaniko PSE-EEko zerrenda buru izan den José Morcillori hartuko dio erreleboa Chicak (gainerako bietan Ana Urchueguia eta Pablo Peñacoba aurkeztu dira zerrenda buru).
´Hernanin ezustekoak egon litezke`
Miguel Buen PSE-EEko Idazkari Nagusia eta Gipuzkoako Diputaziorako zerrenda buruak aurkeztu zuen José Ramón Chicaren hautagaitza. Bere hitzetan Chicak, herrian oso ezaguna izateaz gain, urte asko daramazki funtzio publikoan lanean, eta alderdikerien gainetik, hernaniarren beharrak bildu eta horien alde borrokatu eta lortzeko gauza izan da, Udalean bertan eta baita Jaurlaritzan edo Madrilgo gobernuan ere, ´nahiz eta lorpenak, askotan, gobernuan dauden alderdiek bere egin`. Hernanin datozen hauteskundeetan sorpresak egon litezkeela esan zuen ´lan ona, talde ona, programa ona eta zerrenda buru onarekin` eta hurrengoa, alkate sozialista izan litekeela azpimarratu zuen.
«Alderdi sozialista gobernatzera iritsiz gero behar
sozialik haundieneko gaiak gauzatuko ditugu»
José Ramón Chicak atzo prentsaurrean azaldu zituen PSE-EEko Udal taldeak oposiziotik gauzatutako zenbait aktuazio eta ´gobernatzera iritsiz gero` egi bihurtuko dituzten zenbait eskari. Bere hitzetan, besteak beste, berek egindako proposamenetatik onartu direnak dira: INEM eta Udalaren arteko hitzarmena sinatu eta langabeentzat ikastaroak antolatzea; haurtzaindegi berria semisotano batean jarri beharrean, oraingo kokagunean jartzea lortzea; aurrekontuetan 450.000 euro gordetzea, etxebizitza publikoa egiteko; Ongintza Patronatuak ematen dituen zerbitzuen gida bat ateratzea; eta zenbait auzotan hobekuntzak egitea. Eskaera egin baina, Gobernu taldeak gauzatu gabeen artean daude: Hernanirako enplegua bultzatzeko plana; ekitaldi eta kirol instalazio eskaria bilduko duen azterketa bat egitea; etxez etxeko laguntzarako bonoaren ordez, jendea hartzea ahalbidetzeko, herritarrentzako formazio kurtsoa; eta Apeadero eta Orbegozo arteko trenbide zatian hesia jartzea.
Gizarteko arazoak ardatz
Datorren legegintzaldian Gobernu taldeak egin beharrekoen artean puntu sail bat azaldu zuen Chicak: teknologia berriak erabili, herritarren gestioa eta parte hartzea bultzatzeko; eskualdeko lan eskaerak betetzeko beharrik gehien duen jendearentzat formazio sistema bat sortu, lan agentzia publiko eta enpresekin batean; etxebizitza publiko eskaintza areagotu, PSE-EEren iritziz, azken legegintzaldian proiektu berririk ez baita martxan jarri ´orain 12 urte zinegotzi sozialistak martxan jarritako proiektuak ejekutatu besterik ez` baita egin; bertako ikasleak ikastera Donostiara zergatik joaten diren jakin eta neurriak jarri; auzoetan garraio publikoa indartu; bono soziala kendu eta etxez etxeko laguntza orduak behar diren neurrian gehitu eta abar.