‘Autodeterminazioaren alde baldintza demokratikoak’ lemarekin manifestazioak egin ziren atzo Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 21a, 01:00

Mobilizazio Egunaren barruan Euskal Herrian deituak zeuden zenbait manifestazio galazi zituen Garzon epaileak, baina Hernanikoak ez. ´lurraldearen batasuna eta erabakitzeko ahalmena` eskatu zituzten.

Amnistiaren aldeko mugimenduak deitutako mobilizazio egunaren barruan, Autodeterminazioaren alde, baldintza demokratikoak lemarekin, bi manifestazio egin ziren atzo Hernanin. Garzon epaileak galazi egin zituen atzoko zenbait mobilizazio baina, Hernanikoak ez ziren galaziak izan eta normaltasunez egin ziren. Eguerdian egin zuten manifestazioetako bat kaxkoko kaleetan barrena (Ertzainak Zinkoenea eta Atsegindegin zeudela eta ibilbidea aldatu zuten), eta iluntzean izan zen bestea, jendetsuagoa.

Betirako konponbidea
Betirako konponbide baten alde egiteko deia zabaldu zuten atzo manifestazio aurrean, ´baldintza demokratikoen alde, autodeterminazioaren alde eta funtsean, betirako konponbide baten alde`. Bake prozesuak bidea Euskal Herrian egin behar duela azpimarratu zuten eta horretarako ´espetxe politika, gerra tribunalak, lege bereziak eta polizia armatuaren jokabide erasotzailea` bukatu behar direla. ´Herri honek prozesua bururaino eramateko behar dituen baldintza demokratikoak Espainiako eta Frantziako gobernuek ukatu egiten dituztela` azpimarratu zuten eta lurraldearen batasuna eta erabakitzeko ahalmena eskatu zituzten. Bide hori ´eragile guztien artean, eztabaida eta akordio bidez` egin behar dela nabarmendu zuten. yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!