Eguneroko gatazkak identifikatzeko azterketa bat hasi du Udalak, GAUZ enpresaren bidez. Elkarbizitza hobetu eta ´pakearen kultura promozionatzeko lan ildoak zehazteko` helburuarekin egingo da azterketa eta etorkizunean plan bat garatzeko oinarria izango da oraingo azterketa hau. Atzo aurkeztu zuten egitasmoa prentsaurrean, Joxan Rekondo Alkateak, Txema Mercado Zinegotziak eta Lucía Gorbeña Etxebarria GAUZ enpresako Koordinatzaileak, eta otsailerako egitea da asmoa.
Elkarrizketak oinarri
Herriko eguneroko gatazkak identifikatzeko, herriko 40-60 lagunekin elkarrizketak egingo ditu GAUZ enpresak eta 4 eztabaida talde ere sortuko ditu. Hortik lortutako informazioa izango da ´Hernaniko beharretara sortuko litzatekeen azterketaren oinarria`. Pertsona hauek herrian ´adierazgarriak` izango dira GAUZeko kideen hitzetan: gatazketan jendearekin kontaktuan dauden udal langileak (udaltzaingo, ongintzako langile eta abar), irakasleak, elkarte nagusietako arduradunak, eliza... galdera nagusi bati bilatu nahi diote erantzuna: herrian zertan lan egin beharko litzateke, eguneroko gatazkak konpontzeko bidean? Baina horrez gain, beste galdera batzuen erantzuna bilatzen ere saiatuko dira, Lucía Gorbeñak azaldutakoaren arabera: gatazketan bitartekari egiten duten talde eta zerbitzuei buruz zer pentsatzen den, herritarren parte hartzeari buruz zer pentsatzen den, ikastetxeetan bake programak garatzeari buruz zer pentsatzen den eta abar.
Hirugarren urtea
GAUZ enpresak gatazkak eraldatzeko ekimenak antolatu eta gidatzen ditu eta aurtengoarekin badira hiru urte Hernanin lanean ari dela. Orain artean gurasoentzako tailerrak antolatu dituzte, ´gatazkak konpontzen ikasteko tailerrak`. Hiru urte hauetan 100 gurasotik gora izan dira tailer hauetan parte hartu dutenak.
´Bakea oinarritik garatu behar da`
Joxan Rekondo alkateak prentsaurrean azpimarratu zuen bakea ez dela administrazioko goi mailetan bakarrik landu behar den gauza ´pittinka-pittinka egin behar da oinarritik`. Bere hitzetan ez da erraza bakea eraikitzea eta ´erremedio milagrosorik` ez dago. Oraingo egitasmoarekin elkarbizitza ´korapilatua non dagoen` galdetuko dute, erremedioak jarri ahal izateko. Txema Merkado zinegotziak ere hitz egin zuen atzo prentsaurrean eta bere hitzetan, ´horrelako gaietan eszeptikoak` izan gintezke hasieran, baina pauso txikiekin lortzen da aurrera egitea.