Autodeterminazioa eta amnistia osoa

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 19a, 01:00

Dagoeneko zazpi hilabete pasatxo igaro dira ETAk ekintza armatuen etenaldi iraunkorra abiatu zuenetik. ETAren ekimenak euskal gizartean itxaropen handia sortu zuela ezin da ukatu (ez ekimenak berak, baizik eta ekimenaren esanahiak), baina egia da ere azken hilabeteetan, Estatuen jarreraren erruz, hasierako itxaropen euforiko hori apaltzen joan dela. Espainiar eta Frantziar Estatuek pausu txikiena ere ez dute eman hilabete hauetan eta beraien errepresio-makineria guztia martxan mantentzen dute. Errepresio horren adibide garbia espetxeetan bizi degun egoera gogorra da. Momentu honetan 150 Euskal Preso Politiko inguru ilegalki kartzelan dituzte. Beraien legearen arabera kalean egon beharko luketen arren, espetxean mantentzen dituzte larri gaixotuta daudenak, zigorra osorik beteta dutenak, ... Zenbaitek kontrakoa pentsatzen badu ere, PSOE Espainiako gobernura iritsi zenetik, Euskal Preso Politikoen egoerak nabarmen egin du okerrera: bizi baldintzak gogortu egin dituzte, lagunak ikusteko mugak ezarri dizkigute, ikasteko degun eskubidea ukatzen jarraitzen dute,... Azken hilabete hauetan egoera ez da hobetu, duela bi urte ezarri zizkiguten murrizketa guztiak bere horretan mantentzen dituzte. Espainiar Estatuko agintariren batek esana da presoak trukerako txanpona baino ez garela. Horregatik, balizko negoziaketa baten aurrean, gobernuek gure egoera gogortzeari ekin diote. Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren aurkako zapalkuntza egoera gogortuz, Euskal Herriari txantai politikoa egin nahi diote. Benetako eztabaida edukiz hustu nahi dute, desitxuratu. Baina bakea Euskal Herriaren eskubideen aitortzatik etorriko da, hau da, AUTODETERMINAZIOA eta LURRALDETASUNA onartzetik. Inork ez dezala pentsa Preso eta Iheslari Politikoen etxeratzearekin soilik gatazka konponduko denik. Benetako konponbide batean AMNISTIA OSOA ezinbestekoa da, bai, baina gatazka politikoa da eta konponbideak ere politikoa behar du izan. Urtetako Euskal Herriaren defentsa eta eraikuntza borrokak egoera berri hau irekitzea ahalbideratuko du. Borroka horri esker, konponbiderako ateak zabal zabalik ditugu. Inposaketa egoera batetik egoera demokratiko batera salto egiteko aukera paregabea degu. Ez dezagun aukera hau galtzen utzi! Bakoitzak bere esparruan, Euskal Herriaren eskubideen alde lanean eta borrokan jarraitu behar degu, inoiz baino indar gehiagorekin. Hau da garaia. Garaipena gure eskuetan dago. Eta lortuko degu! Gora Euskal Herria ta Askatasuna! Gorka Loran Lafourcade (Euskal Preso Politikoa) Valdemoroko espetxean, Hernanitik 520 kilometrotara, 2006ko azaroaren 2an
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!