Jon Garmendia Txuria Hernanin bizi izan den preso urnietarrak gose greba mugagabea hasi zuen herenegun, Euskal Herrira ekarri eta behar bezalako mediku asistentzia jasotzeko, Askatasuna erakundeak jakinarazi duenez. Txuria Navalcarneron dago eta Askatasunaren esanetan, ´osasun eskubidea ukatuta dauka asistentzia ezagatik, eta gainera bere egoera okerrera doa`.
2001ean istripua
Txuriak istripu larria izan zuen 2001ean, eta erabat txikituta geratu zitzaizkion eskuineko orkatila eta oina. Ebakuntza ugari egin dizkiote, baina hala ere, hainbat gaitz ditu eskuin hankan, hala nola, osteitis kronikoa, osteoartritisa eta osteomielitisa. Gaitz hauek tratamendu egokia behar dute, eta jaso ahal izateko, presoak Euskal Herrira ekartzea eskatua du, baina ukatu egin diote.