«Dena belarrira esaten zen, atea nori joko ote zioten beldurrez»

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 17a, 01:00

Irakurtzea gustatzen zaio. Kajoian gordeta ditu makina bat liburu, politikoak asko: Emma Goldman anarkistarena, Garzon epailearena, Arzallusen beste bat... denetarik. Duela gutxi Hernaniko Udalak kaleratu zuen inauteriei buruzko aldizkaria ere erakutsi digu arro, hortxe ateratzen da bera. ´Zu Dolores, Hernanikoa zara?` galdetu diogu, ´Hernanin jaio eta Hernanin bizi naizena!` erantzun digu arrapaladan. Aita Abaltzizketakoa zuen, ama Amezketakoa, eta bera da bost anai-arrebatan zaharrena. ´Nire ama zulaikatarrekin zebilen dependienta Donostiako portuan, eta aita listero zen, Bernardino Eleizaranekin egin zuen lan zirkuito automobilistikoa eraikitzen. Honek Galizara joan behar zuela-eta, aitak esan zion amari: ‘Bueno, edo ezkondu edo ni banoa Galizira!’ eta horrela etorri ziren Hernanira`.

Biteriko eskola publikoetan ibili zinen ezta? Zer moduz moldatzen zinen bertan? Neri matematikak gustatzen zitzaizkidan, orratz batzuekin egiten genituen kontuak. Baina hamalau urte nituela eskolatik atera ninduten, ahizpa txikia zaindu behar nuen eta... Gero gauez jaso nituen klase partikularrak, señorita Agustinarekin. Aitak negozioa zuen Urumea kalean, ultramarinos bat, eta pentsua saltzen genuen batez ere. Nik etxean lagundu behar izan nuen oso goiz.

Gaztetako kontuak izango dituzu...
Orduan dantzaldia egiten zen Tilosetan, 19:30etan amaitzen zen, pasodoble batekin. Gerra eta gero, dantzaldira etortzen ziren mutil koadrila guztiak erbestean edo hilda zeuden eta hor bukatu zen dena. Baina ez uste, gazteak beti pasatzen du ondo, txotxoloren batetaz maiteminduta-edo.

Gogoratzen duzu gerra hasi zen eguna? Zer pasatu zen hemen?
Ez naiz akordatuko! Egun horretan goizeko 11:00etan elizako kanpaiek jo zuten. Dendatik atera eta hor ikusi genituen langile guztiak plaza aldera joaten. Bi egun lehenago Miguel Toledo alkatea asaltoko guardiek babestuta atera behar izan zuen Udaletxeko pleno batetik, gauzak oso nahastuta zeuden sozialista eta nazionalisten artean... Gogoratzen naiz gerra hasi eta egun batzuk geroago tranbia martxan jarri zutela berriro. Ni Antiguora joan nintzen, espermak deitzen genien kandela batzuen bila, argi gabe uzten zigutenerako. Orduan ikusi nuen Almirante Cervera barkua guri bonbardeatzen... harri puskak alde guztietatik erortzen ziren eta portal batean babestu behar izan nuen dena pasa arte.

Donostia desastre eginda utzi zuen. Donostiakoaren ondoan Hernanira bota zituzten bonba txikiak gezurrezkoak emango zuten...
Larrauriren semea zela esaten zuten! 50 kiloko bonbak ziren, baina min egiten zuten eh! Larrauritarrak Hernaniko aberats batzuk ziren, haien seme batek ihes egin zuen, abiadorea zen. Abioneta etorri eta abisua pasatzen zutenerako ez genuen denborarik izaten refugioan sartzeko... Zapiaineko horretan sartzen ginen, komandantzia egin zuten lekuan. Zapiain errepublikanoen burua zen hemen eta gogoratzen naiz nola esan zidan: ´Bai, abuztuaren 1ean irekiko dugu denda`, Ja! Hilaren 1erako Kalifornian zegoen, denda hankaz gora utzita... Horrek bazekien gerra galduko genuela.

Hemengoek ez ahal zuten defentsarik antolatu frankistei aurre egiteko?
Hemen lehenengo antolatu zirenak UGTko milizianoak eta enfermerak izan ziren, sozialistak. Nik Hernanin ikusi nituen lehenengo brigada internazionalistak. Sei emakume ziren, larruzko trajea eta ametrailadora batzuekin, harro-harro zijoazen Santa Barbara aldera, alemanak ziren... Alemanian sozialista asko zegoen orduan, ez pentsa! Frentea hilabetez egon zen Hernani parean eta hau erori zenean erori zen Donostia baita ere. Guk irailaren 8an alde egin genuen gure lehengusu batzuekin. Goizeko 6:00ak ziren eta akordatzen naiz Galarretatik ikusi genituela tropak, herrira sartu nahian. Zumarragara joan eta han izan ginen bi astez.

Hernaniarren erdiak alde egin zuen zuek bezala, zer topatu zenuten herrira bueltatzerakoan?
Lehenengo ni bakarrik etorri nintzen. Orduan trena ez zen apeaderoan geratzen eta estaziotik nentorrela ezagun batek esan zidan: ´Badakizu zer pasa den gaur gauean? Hau eta hori hil dituztela...` Eta orduz geroztik gauero izan ziren fusilaketak...

...baina zuek nola jakiten zenuten fusilaketen berri?
Motel... mostradore atzean dena jakiten da! Alejandro Mendikute hil eta hurrengo egunerako bagenekien zer pasa zitzaion. Baina belarrira esaten zen guztia, beldur ginen-eta, atea nori joko ote zioten... Ejekuzioak agintzen zituena Gipuzkoako gerrarako batzorde karlista zen. Hor barruan zeuden Labaka eta Achucarro, baina ezin omen zuten ezer egin... Achucarrori abertzalea zen lagun bat hil zioten, listan zegoen eta ezin lagundu...

Dolores, orduan frankistek desfile asko antolatu zituzten... zuek joaten al zineten?
Desfilea baino lehen ate joka pasatzen ziren, bertara joateko, etxe barruan ezkutatzen ginen ordea. Orduan behartuta geuden balkoietan trapuak jartzera, baina guk Jesusen Bihotzaren bandera jartzen genuen, espainola ez behintzat!

Beste askok derrigorrez sartu zituzten seme-alabak margarita edo pelayo...
Bai, baina jaten emateko! Orduan benefizentzia zegoen Kale Nagusian. Herrira bueltatzen zirenei jaten ematen zieten eta gero plazara iristen zirenean Udaletxeko agintariek egurtu egiten zituzten, aterki batekin eta bastoi batekin... ´A Madrid!` esaten zieten. Jende askok jantzi zuen alkandora urdina tropak sartu ziren egun berean, ni ez nintzake horietaz fidatuko, ezta...! Horrela ziren orduko kontuk. Baina segi, segi galdetzen...

 

´Hable usted en cristiano!`
´Gauza diren bezala esan behar dira: guk ez genuen goserik pasa. Baina gosea pasa zuenak... Razionamendu kartilak zeuden orduan. Akarregiko baserritar batek 90 pezeta zor zizkigun, txekorra saldu zuela-eta, arkupetara joan zen zorra pagatzera, baina hangoak esan zion: ´Como no hables en cristiano no te doy!`. Kontu horrekin etorri zitzaigun baserritarra eta orduan ni joan nintzen berarekin, zer pasatzen zen galdetzera: ´Y usted para que le tiene que decir eso? No ve que no sabe hablar castellano?`, esan nion hango gizonari. ´Como sigais hasí os llevo directamente a la comandancia!` erantzun zigun. Isil isilik alde egin genuen hortik.`

Errota zahar maitea...
`Dendaren atzeko aldean almazen bat hartu genuen, eta ondo etorri zitzaigun, Urumea kaletik karroa eta behorrarekin ibili ordez Atxetas-etik deskargatzen baikenuen. Atzeko alde hortan jarri zuen nere aitak errota elektrikoa, irina egiteko. Baina orduan asko zeuden horrelakoak! Oraiendarrek ere bazuten errota bat. Artoa goiko aldetik bota, irina beheko aldetik jaso, eta gero zakura. Baserritarrak etortzen ziren batez ere eta guk parte bat hartzen genuen zerbitzuagatik, 5 edo 6 kilo igual. Baina gerra garaian elektrizitatea kendu ziguten denbora batez eta komeriatan ibili ginen orduan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!