Kalera ateratzeko mila arrazoi

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 17a, 01:00

Ezker Abertzaleak hilabeteak daramatza esanez Euskal Herrian zabaldutako elkarrizketa politikorako prozesua blokeo egoera larrian dagoela. Etengabeko eraso polizial eta judizialek eta eragile politikoen aldetik konpromiso argi baten faltak ekarri dute prozesua egoera honetara; egoera berrian botika zaharrak erabiltzeak, alegia. Botika zaharrak dira eraso polizial eta judizialak, hilabete hauetan etenik izan ez dutenak, hain zuzen. Eraso hauen zerrenda ez da nolanahikoa: Ezker Abertzaleko ekimen politikoa garatzeko orduan ilegalizazio egoera, epaiketa politikoak mantentzea (18/98+, Jarrai-Haika-Segi...), hamarnaka atxiloketa sueten garaian, Parot doktrina eta Iñaki de Juana bi iritzi artikulu idazteagatik ia 13 urtez zigortzea, besteak beste. Gauzak horrela, baldintza demokratiko ezak agerian uzten du PSOEren helburua elkarrizketa politikoarekin konprometituriko alde baten ahultzea dela, eta ez gatazkaren konponbide politikoari heltzea. Aipatu elkarrizketa politikoa gauza dadin euskal eragileen artean osatu beharreko Mahaia, aspaldi osatua egotea espero genuen denok. Bederatzi hilabete eta urrats bat bera ere ez. Izan ere, nekez eman daitezke urratsak, PSOEk bere burua inmobilismoaren txapeldun gisa aurkezten duenean, PPk baino urrats gutxiago emateagatik harroputz azalduz. Testuinguru honetan nabarmena da elkarrizketa politikorako Mahaia osatzeko konpromiso ahula. Zergatik, ordea, Mahaia osatzeko konpromiso falta hori? Gure ustez beldurragatik, konponbideak aintzat hartu beharko lituzkeen eduki politiko demokratikoei beldurra, hain justu ere. Hemen denok dakigu herri honetan bizi duguna sustrai politikoa duen gatazka dela; konponbide sinplea duena hain zuzen ere: euskal herritar guztiok gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea, mugarik gabe, errespetuan oinarritzen dena. Hona hemen, Irlandatik Hego Afrikara, Montenegrotik pasata, gatazka politiko ezberdinak konpontzeko erabili den formula politiko demokratikoa. Hortaz, PSOEk erabaki beharko du, gure herriaren errespetutik konponbide demokratikoa bilatu nahi duen, edo eskubide hauek urratuz urte luzeetako inposaketaren bidea jarraitu nahi duen. Edozein kasutan, gaia eta egoera garrantzitsuegiak dira Zapaterok zer erabakiko duen zain egoteko. Bultza dezagun PSOEk konponbide demokratikoaren hautua egin dezan. Asko gara konponbide demokratikoaren aldekoak (inkesta guztietan sistematikoki agertzen den bezala), bildu gaitezen AUTODETERMINAZIOAREN ALDE, BALDINTZA DEMOKRATIKOAK lelopean, abenduaren 20an asteazkena, mobilizazio egunaren baitan izango diren ekimenetan.

J. Alzaga eta J.I. Arrieta, Ezker Abertzaleko kideak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!